UPV/EHUk 100 master baino gehiago eta 70 bat doktorego programa eskainiko ditu 2023/2024 ikasturtean

Gobernu Kontseiluak Bizkaia Aretoan hartu du UPV/EHUk 2023/2024 ikasturtean izango duen eskaintzaren erabakia. Adierazi dutenez, 100 master baino gehiagorekin eta 70 bat doktorego programa egongo dira ikasleen eskura eta sei titulazio berri eskainiko dira.

Programarik berritzaileenen ondoan, esperientzia eta ibilbide luzekoak egongo dira, unibertsitate sistemaren kalitatea bermatzeko Europako eta estatuko agentzien onespena dutenak. 

Ikasturte berrirako nobedadeetako bat “Bioetika eta Biozuzenbidea” Masterra da. Unibertsitate arteko programa bat da (La Lagunako eta Kanaria Handiko Las Palmasko unibertsitateak ere parte dira), eta xedea du bioetikaren arloan dauden prestakuntza premiei erantzutea, kontuan hartuta praktika klinikoak konplexutasun handia hartu duela, eta paradigma aldaketa bat gertatu dela profesionalen eta pazienteen arteko harremanetan. Masterraren helburu nagusietako bat da ikasleei gaitasuna ematea osasun eremuko arazo etikoak identifikatzeko eta parte hartzeko asistentziaren etikako batzordeetan edo ikerketaren etikako batzordeetan.  

2023/2024 ikasturtean UPV/EHUk Erasmus Mundus proiektu berri bi lideratuko ditu, eta horrela bihurtuko da estatuan mota horretako master eskaintza handiena duen unibertsitatea. Erasmus Mundus kategoriako masterrak dira Europako Batzordearen bikaintasun zigilua eskuratu dutenak lehia handiko deialdi batean. Euskal unibertsitate publikoa buru duten bi partzuergo berriak dira, batetik, Erasmus Mundus Master in Architectural and Urban Contemporary Heritage (Arurcohe) deritzona -XX. mendeko arkitekturari eta hiri inguruneei buruzkoa- eta, bestetik, “Itsas Ingurumena eta Baliabideak” Erasmus Mundus Masterra -Southamptoneko, Bordeleko, Liejako eta Azoreetako unibertsitateetako eta UPV/EHUko adituen arteko debateen fruitu dena, eta herrialde desberdinetako 40 kide baino gehiagoko sare batean zimendatzen dena-. Hartara, partaide izateaz gain zenbait Eramus Mundus masterretan, UPV/EHUk master horietako lau gidatuko ditu. Euskal Herriko Unibertsitatearen graduondoko nazioarteko eskaintza gero eta zabalagoa da. Gaur egun, nazioarteko 28 titulazio ditugu; horietatik 15 titulazio bikoitzak dira (ikasleak UPV/EHUko eta atzerriko unibertsitateko titulazioak lortzen ditu). 

Bestalde, bi master berriz eskainiko dira: “Filosofia: Zientzia, Gizartea, Teknologia” Masterra eta “Garaiko Historia” Masterra. Lehenengoak zientzia eta teknologiak sortutako erronken ikerketa filosofikoa du ardatz, eta bigarrena, berriz, unibertsitate arteko programa bat da, Espainiako bederatzi unibertsitatek lankidetzan aurrera daramatena, oraingoan UPV/EHUren gidaritzapean. 

Azkenik, doktorego programa berri bat ere onartu da, Zientzia Esperimentalen Didaktika izenekoa, eta horrekin 67 izango dira guztira eskainiko direnak, jakintza adar guztiak aintzat harturik. Programa berrian hamalau unibertsitateko irakasle-ikertzaileek eta hamazazpi ikertaldek hartuko dute parte.