EUP! tokiko merkataritza-plataformak bulego mugikor bat izango du astelehen honetik aurrera bere presentzia Bizkaian areagotzeko eta, era berean, tokiko merkataritzarekiko duen konpromisoa indartzeko. Bi hilabetez zehar Bizkaiko zazpi eskualdeak bisitatuko ditu eta bere lehenengo geltokia Barakaldo izango da. Ekintzaren aurkezpenean izan dira Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua, Nora Sarasola, Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta bere jaioterrian, autobusak lehen geldialdia egin duen tokian, anfitrioia izan den Maribel Salas aktorea.
Ekimen honek, alde batetik, saltoki berriak erakartzea eta dagoeneko aktibo dauden saltokiei indartze-saioak eskaintzea proposatzen du, kanal guztietan duten presentzia areagotzeko eta, beste alde batetik, saltoki berriak erakarri nahi dira plataformara. Era berean kanpaina honen bidez Marketplace-a kontsumitzaile berriei ezagutaraztea eta kanal horren bidez erosketak sustatzea ere lortu nahi da.
Nora Sarasolak azaldu duen bezala, “Eup!, Bizkaiko Merkataritza Gune digital handia, tokiko merkataritza eta digitalizazioa bateragarriak izatearen adibide argia da; beraz, erosteko ohitura berriak eta hurbileko merkataritzari eustea ez dira bateraezinak”. Eta merkatariak proiektu hau aprobetxatzera animatu ditu, “merkataritzak estrategia omnikanala bilatu behar duelako, bezeroari harremanetarako eta interakziorako gune guztietan (fisikoak eta digitalak) esperientzia integrala ziurtatuko diona”, eta Bizkaiko biztanleei zuzendu zaie gakoa direla ziurtatuz, izan ere “bizkaitar batek erosketa bat egitea erabakitzen duen bakoitzean, nahi duen Bizkaiaren eredua aukeratzen ari da”.
Beste alde batetik, ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu du Eup! jasangarritasunaren eta gizarte-erantzukizunaren irizpideei jarraiki tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartzeko diseinatutako ekimena dela. “Hori lortzeko funtsezkoa da merkatariei digitalizazioaren erronkari aurre egiteko tresnak eta gaitasuna eskaintzea. Era berean, garrantzitsua da guztiok ez ahaztea kontsumitzaile gisa hartzen ditugun erabakiek ondorioak dituztela. Gure tokiko merkataritza lagundu dezakegu, eta hori eta gure udalerrien eta Bizkaiko jarduera ekonomikoa babestea gauza bera da. Eredu arduratsua eta iraunkorra hauta dezakegu”, ziurtatu du Ainara Basurkok.