Haurrentzako album ilustratuak sortzeko Etxepare saria martxan da

Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izango dira sariketara, euskaraz idatziak, jatorrizkoak, argitaratu ez direnak eta saririk jaso gabeak. Bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte har daiteke, eta nahi beste lan aurkez daitezke.

Formatua librea da, baina lanak ezingo dira 20 cm (zabalera) x 21 cm (altuera) baino txikiagoak izan, eta gutxienez hamabost orrialde bikoitz izan beharko dituzte (babes-orriak, azala eta kontrazala kontuan izan gabe). Testuek gehienez 4.000 karaktere izango dituzte.

Lanak maiatzaren 5era arte aurkez daitezke. Lehiaketan parte hartzen dutenek albumaren maketa aurkeztu beharko dute  www.etxeparesaria.eus webgunean dagoen formularioaren bidez. Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete posta arrunt bidez, epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten.

Epaia ekainaren 29an jakinaraziko da. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du.