Sofia Otero basauriarrak irabazi du Berlinaleko antzezpen onenaren Zilarrezko Hartza

Sofia Otero basauriarrak irabazi du Berlinaleko antzezpen onenaren Zilarrezko HartzaEstibaliz Urresolaren “20.000 especies de abejas filmean egindako lanagatik jaso du aitorpena. Zortzi urte ditu Sofia Oterok eta bera da filmeko protagonista nagusia. Zineman egiten duen lehen lana du.

Hunkituta jaso du saria eta, lantaldea ez ezik, bertan zeuden familiako kideak ere agurtu eta eskertu ditu Oterok. 

Berlinaleko 73. edizioko Sail Ofizialean Urrezko Hartza lortzeko lehiatzen bazen ere, Estibaliz Urresola Solaguren zuzendari laudioarrak ez du azkenean hura lortzerik izan. Ez da, haatik, esku-hutsik itzuliko Euskal Herrira, “20.000 especies de abejas” bere lehen lan luzeak hainbat sari eskuratu baititu eta arrakasta izan baitu Berlinen.

Izan ere, Sofia Oteroren Zilarrezko Hartzaz gain, filmak epaimahai independenteek emandako bi sari jaso ditu, leihaketa ofizialetik kanpo. Horietako bat Alemaniako zinema elkartearen aitorpena da, eta bigarrena, Morgenpost egunkariko irakurleena. 

Iaz, Canneseko Zine jaialdiko Kritikaren Astean “Cuerdas” film labur soziala estreinatu ondoren, Urresolak asteazken honetan, otsailak 22an, estreinatu du bere film luzea Berlingo zine jaialdian, eta 10 minutuko txalo zaparrada zirraragarria jaso zuen.

20.000 especies de abejas filmak Lucia (Sofia Otero) neskato transexualaren istorioa kontzen du, ikaskideek oraindik Aitor deitzen dioten neskatoarena. Eskolako giro horretatik ihes egin nahian, gogotsu dago uda noiz iritsiko zain. Ane amak, krisi profesional eta sentimental batean murgilduta, oporrak bere hiru seme-alabekin amaren etxean pasatzeko aprobetxatuko du. Bertan bizi da izeba Lourdes ere, erlezaintzan jarduten dena. Uda horrek bizitza aldatuko die, beraien burua gainerakoen aurrean nola erakutsi nahi duten erabakitzera behartuko baititu.

Filma 2022ko udako zazpi astetan zehar grabatu zen Euskal Herriko hainbat lekutan, Laudion eta Hendaian, besteak beste. Oterorekin batera aritu dira Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta.