‘Go!azen’ telesailaren denboraldi berrian parte hartu nahi duten gazteen bila dabil Euskal Telebista, eta horretarako casting berria zabaldu du komunikabide taldeak. Uda honetan grabatuko den hamargarren denboraldian 16 eta 24 urteko gazteek, interpretatzen, abesten eta dantzatzen badakitela erakutsi beharko dute castingeko bideoan.
Jakina denez, ‘Go!azen’ nerabeei zuzendutako musika saioa da. Honek modu zorrotzean zuzendutako udaleku batzuetan gazte talde baten bizipenak kontatzen ditu. 2008an sortu zen EITBko film musikal gisa, ‘Go!azen’ izenburuarekin. Pelikula honek izan zuen arrakastaren ondorioz, 2009an ETBk ‘Go!azen 2.0’ telesaila sortu zuen, non film laburrean parte hartu zuten aktore gehienek lan egiten zuten. Telesaila denboraldi bakarrarekin amaitu zen arren, ETBk 2016an berreskuratu zuen, pertsonaia berriekin.
Geroztik, urtero denboraldi berriak ateratzen jarraitu dute. Konfinamenduan ere grabatu zuten, bakoitzak bere etxetik eta Skypen bidez, ‘Go!azen etxean’ izenekoa. 2021eko saioak telesailaren historiako audientzia daturik onenak izan zituen, eta EITBk 2022rako denboraldi berri bat baieztatu zuen. Go!azen 9.0 aurtengo otsailean amaitu da eta aurreko denboraldiarekin alderatuta audientzia erdira baino gehiago jaitsi da.
Hala ere, ETBk telesailaren hamargarren denboraldia egingo duela adierazi du eta casting berria ireki du orain horretarako. Aktore gisa agertu nahi dutenek bere bideoa goazen@pausoka.eus helbide elektronikora bidali beharko dute.