Liburuak

ILUNPEKO ZELATARIA

Iruñea, 1947ko Gabonak. Gosea eta tristezia darizkio giroari eta beldurra jendearen begiradei. Eskolako lagunak dira Iñigo eta Jokintxo; gerrako irabaz­leen kasta abera­tsekoa da bata, galtzaileen semea bestea, baina Hollywoodeko filmen lilurak elkartzen ditu biak, inguratzen dituen mundu hotz eta grisetik ihes egitearren edo. Beste zerbaitek hautsiko du haien bizitzen gurpil errepikatua, ordea: neskatxa baten bahiketak. Haur desagertuaren musuzapia zineman topatu, eta haren arrastoaren atzetik saiatuko dira bi adiskideak, beste zenbaiten laguntzaz, ezustez eta zirrikituz beteriko bidean. Liburu honetan ekintza ugari, solas biziak, jakin-mina eta erritmo guztiz azkarra dira nagusi.

ITSASLABARREKO ETXEA

Joanak koaderno bat zeukan hamasei urte zituenean, berak esaten duen moduan, «penazko masusten kolorekoa». Hantxe idazten zituen bere ametsak, mindurak, jomugak, pentsabideak edota bere bizimodu arruntean gailentzen ziren gertaerak… Halaxe jakingo dugu nor izan zuen lehen amodioa eta nola aurkitu zuen itsaslabarreko etxea, baita hango misterioa eta madarikazioa ere. Uda hartan, Joanak zoriona ezagutu zuen, heriotza zelatan zeukala jakin gabe. Laster, tragediaren pisuak zapalduko zuen betiko. Urte batzuk geroago, itsaslabarrera itzuli da, oroitzapenetatik askatu nahian. “Itzuli naiz herrira. Koadernoa ekarri dut. Itzuli naiz itsaslabarrera. Koaderno honetan dago idatzita nire historia”.