Eiakulazio goiztiarra

Eiakulazio goiztiarra oso ohikoa da mutil nerabe eta gazteen artean, eta, normalean, horren kausak lotuta daude sexu-esperientziarik ezarekin, edo lehen harremanek eragin dezaketen larritasunarekin eta estresarekin. Arrazoi fisikoek ere eragin dezakete arazoa, baina ez dira ohikoenak, batez ere gazteen artean. Eiakulazio goiztiarrak erru-sentimenduak eragiten dizkie mutilei, eta konplexua sor diezaieke; hori kaltegarria izan daiteke bikote-harremanetarako. Mutilek oso azkar amaitzen dutenez, neskak ez dira orgasmora iristen, eta, zoritxarrez, mutil asko dira eiakulatu ondoren harremana amaitutzat ematen dutenak. Ez dute denborarik hartzen bikotekideak estimulatzen jarraitzeko eta orgasmoa lortzen laguntzeko, baina hori egin beharko lukete. Arazoari aurre egiteko modurik onena, lehenik eta behin, hori aitortzea da, eta hori zuzentzeko laguntza profesionala bilatzea. Goiz tratatzen denean, ia beti dago konponbidea. Urologoaren kontsultara joatea da eman beharreko lehen urratsa. Honek terapia psikologikoa gomendatu diezaguke, eta eiakulazioa atzeratzeko taktikak aholka diezazkiguke.

Zenbait ikerketaren arabera, eiakulazio goiztiarrak gizonezkoen % 40ri baino gehiagori eragiten die noizbait. Eta konpontzea oso erraza izaten da ia beti.