“Letrek egunerokotasunaren inguruan hitz egiten dute”

Txopet taldea hiru Bilbotar gazte osatzen dute Iñigo, Jon eta Andoni. Ez da lehen aldia musika talde batean daudela, bakoitzak bere ibilbidea du musika munduan. Hala ere, etorkizuna elkartu zituen, eta, nahiz eta erdi brometan sortu zen taldea izan, 2022ko Gaztea Maketa lehiaketaren irabazleak izan dira. Lehiaketan probatzearren apuntatu ziren eta ustekabean finalean ikusi ziren. Txopet hitz bakar batean laburbildu beharko balitz, energia izango litzateke hitz egokiena.

Txopet musika taldea duela gutxi sortu zen, baina taldeko kideok denbora luzea daramazue musika munduan edo zuen lehengo proiektua da? Nola sortu zen Txopet taldea?
Izatez, ez da gure lehenengo proiektua. Aurretik, Iñigok gitarra jotzen zuen eta Jonek bateria Godoys taldean, eta Andonik bateria Keniama taldean. Pandemia ostean, Jon gitarra jotzen hasi zen, eta Iñigori ideia batzuk aurkeztu zizkion. Iñigok, gitarra jo beharrean, baxuagaz probatzea erabaki zuen, eta Andonik bere aurreko taldearekin lokala elkarbanatzen zuenez, gurekin batzeko proposamena egin genion. Nahi gabe eta erdi brometan, taldea sortuta zegoen.


Zuen burua honela deskribatzen duzue: “Herriaren sakotea edo fianbrea gara. Ez daukagu euskolabelik, baina musika egiten saiatzen gara”. Zergatik hitz horiek?
Printzipioz, Txopet lokaletik ez irteteko taldea zen, eta, horrekin batera, hainbat broma eta tontakeria botatzen ditugu gure ahotik. Egia da definizio horrek nahiko argi azaltzen duela gure izaera taldearen inguruan. Pretentsio handirik gabe sortu dugun proiektua da, baina gustuko dugun musika egin, eta zuzenekoetan dena ematen dugu.

“Guretzat, Txarkuteria rock estiloa rock, pop, garaje, autotune eta horrelako gauzak dituzten estiloa dela esaten dugu”


2022ko Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazleak izan zineten, eta 5.000 euroko saria jaso zenuten. Irabazleak izatea espero zenuten?
Inola ere ez. Probatzearren aurkeztu ginen, eta inguruan dauden taldeei begiratuta, ez genuen uste irabaziko genuenik. Finalera pasa ginenean, seriotasuna hartu zuen asuntoak, eta, azkenean, begira… Oso pozik, egia esan.
Diruaz gain, BBK Live jaialdian parte hartzea izan da Maketa Lehiaketaren saria. Bertigo pixka bat ematen dizue edo irrikitan zaudete?
Egia esan, ez dugu askorik hitz egiten horren inguruan, agian, urduritasun-maila ez handi­tzeko. Dena dela, gogo handiarekin gaude, eta egun hori guztiz markatuta daukagu egutegian.


Zertan inspiratzen zarete abestiak sortzerakoan? Denon artean egiten dituzue edo zuetako bat ardura­tzen da letrak egiteaz?
Orokorrean, Jonek eramaten ditu etxetik hasierako ideia txikiak edota melodiak. Gero, lokalean, ideia horiek lantzen hasten dira, eta abesti forma hartzen dute. Letrekin gauza bera gertatzen da, eta egunerokotasunaren inguruan hitz egiten dute, baita bizitzaren ikuspuntuari buruz eta askotan gure inguruan dugun izaki ilunei buruz ere.


Musika estilo konkretu batean kokatzen zarete, edo musika estilo desberdinen nahasketa da zuena? Zein­tzuk dira zuen erreferen­tziazko talde edo egileak?
Guretzat, “Txarkuteria” rock estiloa rock, pop, garaje, autotune eta horrelako gauzak dituzten estiloa dela esaten dugu. Onena zuzeneko batean deskubritzea dela uste dugu. Definizioak ez dira gure punturik onena (beste hainbaten artean). Erreferentziak ugariak dira, eta hiruron artean nahiko desberdinak. Orain nahikotxo entzuten ari garen taldeen artean, Vulk, Merina Gris, Nize eta horrelakoak daude, baina erreferentziak institiboak dira; ez dugu bilatzen erreferentzia finkorik.


Zer esango zenioke mundu musikalean burua sartzen ari den bati? Zer gomendio emango zenioke?
Gustuko duen zerbait sortzen badu, aurrera egiteko. Sorkun­tza prozesua disfrutatzea eta zuzenekoetan dena ematea. Baina batez ere aurreko hori; egiten duen musika benetan gustuko badu, horretan sakon­tzeko eta ahal dituen ordu gehienak horretan emateko. Bestalde, sorkuntza prozesu horretan, mugarik ez jartzeko, inguruan dituen musikariekin elkarlanean ari­tzeko, eta ideiak beldur barik aurkezteko.