Peruko krisiari nazioarteko erantzuna emateko beharra

Munduak Perun ditu begiak jarrita. Bertan jazotzen ari den giza eskubideen urraketen salaketen seriotasuna dela-eta, Amnesty Internationalek talde espezializatu bat jarri du lanean, krisi kontinentalari erantzuteko. Talde hori egoera oso larrietan baino ez da martxan jartzen, nazioarteko zuzenbideko balizko krimenen zantzuak daudenean.

Peruko egoera gertutik aztertu ondoren, Amnesty Internationalek krisiaren erantzunean espezializatutako talde bat jarri du lanean, 2022ko abenduaren 7an hasi zen protesta-oldearen testuinguruan egindako giza eskubideen urraketa larriak eta nazioarteko zuzenbideko balizko krimenak ikertzeko.
Herrialdeko hainbat eskualdetan gizarte-protestak hasi zirenetik, gutxienez 46 pertsona hil dira, manifestazioen errepresioaren testuinguruan. Era berean, dozenaka pertsona zauritu dira, tartean zibilak eta poliziak, suzko armekin eta objektu sendoekin talka eginda. Gainera, Peruko Kazetarien Elkarte Nazionalak kazetarien aurkako erasoak erregistratu zituen Lima, Apurímac, Huaura, Arequipa eta Puno hirietan, protestak egiten ari ziren bitartean, eta Amnesty Internationalek beste gertakari batzuei buruzko informazioa jaso du, indarkeria-inguruneak kazetaritzan aritzea zail­tzen duelako.
Manifestazioak ez dira beti baketsuak izan; izan ere, polizia bat hil da, baina horrek ez du justifikatzen Peruko gobernua hiltzen aritzea protestak sakabanatzeko. Indarraren erabilerari buruzko giza eskubideen nazioarteko arauek eskatzen dute indarra manifestarien aurka behar-beharrezkoa denean soilik erabiltzeko, modu propor­tzionalean eta helburu legitimo batekin, eta haren erabilera kontuak emateko prozesu baten mende jartzea.
Horrenbestez, Amnesty Internationalen krisiari erantzuteko taldeak giza eskubideen urraketen eta nazioarteko zuzenbidearen balizko krimenen salaketak berresteko lekukotzak eta dokumentuak bilduko ditu, biktimei laguntzeko eta Peruko agintariek justiziarako, egiarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko eskubideak berma ditzatela eskatzeko.


“Errepresioa gelditzeko eskaera”
“Dina Boluarte presidenteari segurtasun indarren manifestazioen errepresio bortitza gelditzeko eskatzen diogu. Herrialdeak aurre egin behar dion krisitik irteteko, gobernuak ahalegin guztiak egin behar ditu herritarren eskaerak benetan entzuteko, batez ere etnia- eta arraza-jatorriagatik historikoki diskriminatuta egon diren pertsonenak. Premiazkoa da funtsezko eta egiturazko aldaketak egitea, Peruko pertsona guztiek beren giza eskubideak gozatu eta duintasunez bizi ahal izateko”, esan zuen Marina Navarrok, Peruko Amnesty Internationaleko zuzendari exekutiboak.
Amnesty Internationalek gogorarazi du protesta batek ez duela bake-izaera galtzen noizbehinkako gertakariengatik edo norbanakoen legez kanpoko jokabideengatik, eta, beraz, bakean manifestatzen direnen protestarekin lotutako giza eskubideen errespetuak, bermeak eta babesak ezin duela etenik izan. Gainera, Estatuko segurtasun-indarrek lehentasuna eman behar diote egoera modu baketsuan konpontzeari, eta ez dute indarra erabili behar nazioarteko estandarrak urratzen dituzten moduetan.