Arretarik gabeko gaixotasun tropikalen aurkako borroka

Osasunaren Mundu Erakundeak nabarmendu duenez, arretarik gabeko gaixotasun tropikalek neurrigabe eragiten diete munduko komunitateko kide txiroenei, batez ere uraren osasungarritasuna eta osasun-arretarako sarbidea desegokiak diren eremuetan. Urtarrilaren 30ean ospatzen den pairamen mota horri buruzko Munduko Egunarekin bat etorriz, OMEk txosten bat argitaratu zuen, eta, bertan kalkulatzen denez, mundu osoan 1.650 milioi pertsonak behar dute tratamendua, arretarik gabeko gaixotasun tropikalen baterako.

Gaixotasun tropikalak eta horiek munduan zehar zabaltzea kezka larria dira munduko osasunerako. Hainbat herrialdetako gaixotasun tropikalen arloan egin berri diren aurrekontu-murrizketek, gaiarekiko interes gutxi izateak eta COVID-19ak osasun globalean duen eraginak kezka sortzen dute arretarik gabeko gaixotasun tropikalak desagerrarazteari dagokionez.


Osasunaren Mundu Erakundeak txosten bat argitaratu berri du, eta, kalkuluen arabera, mundu osoan 1.650 milioi pertsonak behar dute tratamendua arretarik gabeko gaixotasun tropikal baterako, eta 16 herrialdek gaixotasun horien karga globalaren % 80 dute. Txostenak erakusten duenez, 2020tik 2021era bitartean 80 milioi pertsona gutxiagok behar izan zuten arretarik gabeko gaixotasun tropikalen aurkako esku-hartzeren bat, eta, 2022an, zortzi herrialderen kasuan soilik egiaztatu zen gaixotasun horietako bat desagerrarazi zutela. Ikerketak azpimarratzen du, gainera, ahalegin eta inbertsio handiagoak egin behar direla atzerapenak zuzentzeko eta 2030erako arretarik gabeko gaixotasun tropikalen ibilbide-orrian ezarritako helburuetarako aurrerapena bizkortzeko.


Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak bat egin du OMEren deiarekin, eta erantzun orokorragoa behar dela uste du horrelako gaixotasunak tratatzeko eta kontrolatzeko. Halaber, inbertsio global handiagoa eskatu du arretarik gabeko gaixotasun tropikalak lehen mailako arretako zerbitzuetan sartzeko eta ikerketa- eta garapen-proiektuak finantzatzeko. Azken 30 urteetan, MGMk Chagas, Leishmaniasis eta “loaren gaixotasuna” gaitz tropikalak izan dituzten milaka pertsonari eman die arreta, besteak beste.


Gatazka armatuan dauden herrialdeetan arretarik gabeko gaixotasun tropikalak tratatzeko eta kontrolatzeko jarduerak mugatuta daudenez, MGMk gaixotasun horiek dituzten pertsonei diagnostikoa eta tratamendua emateko konpromisoa agertu du berriz ere, eta, bereziki, hilgarriak izan daitezkeen gaixotasun tropikalak dituzten pazienteei.


“Gaixotasun zoonotikoak”
Arretarik gabeko gaixotasun tropikalek munduko eskualde pobreenei eragiten diete batez ere, non uraren segurtasuna, saneamendua eta arreta medikorako sarbidea eskasak diren. Prebentzioa lantzea funtsezkoa da gaixotasun horiek desagerrarazteko, eta horretan garrantzi handia dute zoonosiek, hau da, animalia ornodunengandik gizakiengana transmiti daitezkeen gaixotasun infekziosoek. Eragin horien barreiadura hedatu egin da azken hamarkadetan, zenbait faktorek eraginda: gizonen eta animalien arteko elkarreragin estua, merkataritza-jarduera jakin batzuk areagotzea, habitataren suntsiketa eta klima-aldaketa, besteak beste. Hori dela eta, gaixotasun horiek ez dute mugarik, ez sozialik, ez ekonomikorik, eta patologia oso konplexuak dira, askotan desgaitasuna edo heriotza eragiten dutenak.
Alabaina, zoonosien inpaktua ez datza soilik osasun publikoari egindako kaltean; gainera, galera ekonomiko larriak eragiten dituzte eskualdeetan. Horregatik, Albaitaritzako Osasun Publikoak arreta jartzen du animalien osasuna zaintzeak gaixotasun zoonotikoak prebenitzeko duen garrantzian.