Euskararen sinergiak sortzeko lankidetza

Eusko Ikaskuntzak eta Euskal-tzaleen Topaguneak euskararen eta ezagutzaren aldeko sinergiak sortzea ahalbidetuko duen aliantza sortu dute. Horrela, bi erakundeek, hurrengo lau urteetan, bientzat interesa duten proiektuen inguruan harremana estutzea erabaki dute, eta hala adierazi dute Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta Euskaltzaleen Topagunea Federazioko lehendakari Kike Amonarrizek, Andoainen sinatu berri duten hitzarmenean.
2020az geroztik lankidetzan ari dira Nafarroako Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikorako proiektuan, bai eta Euskaltzaleen Topagunearen Euskararen Aldekotasuna Handitzeko Gakoak Nafarroan lanean ere. Esperien-tzia horietatik abiatuta, hitzarmen berriak harreman kualifikatuen esparrua finkatzen du, erakundeetako bakoitzak dituen helburuak zehaztasunez eta kalitatez lortzen laguntzeko.
Hitzarmen horren arabera, EIko zein ETOPeko kideek osatutako jarraipen batzorde batek une bakoitzean zehazten dituen jardueretan lagunduko dute. Zehatzago esanda, aurten ETOPek 2024an Eusko Ikaskuntzak egingo dituen biltzarretan parte hartuko du. Era berean, Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaleen Topaguneak euskararen erabileran jauzi bat egiteko sustatuko duen Aldaketaren Teoriaren prozesuaren alde egingo duela bermatzen du.


Erantzun globala
Euskal gizartearen beharrei erantzun global eta integratzaileak ematen lan egiten duen erakundea da Eusko Ikaskuntza (EI), 1918an sortua. Euskaltzaleen Topagunea Federazioa (ETOP), berriz, tokiko sozializazio- eta komunikazio-eremuetan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin ari da lanean 1997az geroztik.

Bizkaiko enpresetan euskara sustatzeko deialdia

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak urtero dirulaguntza-lerro batzuetarako deialdia argitaratzen du. Oraingo honetan, enpresetan euskara sustatzeko deialdia abiarazi du.
Deialdi horren bidez, hiru jarduera diruz lagunduko dira. Batetik, 2023ko ekitaldian enpresa-munduan euskararen erabilera sustatzeko Bizkaiko Lurralde Historikoan egingo diren planak. Bestetik, 2023ko ekitaldian Lantokiko Prestakuntza modulua euskaraz egiteko aukera eskain-tzeak dakartzan gastuen finan-tzaketa. Laguntza horien helburua da honako hauek euskaraz egiteko aukera eskaintzeko eskatzaileek egindako hainbat gastu finantzatzea. Eta, azkenik, laguntzak emango dira, halaber, lantokiko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduetan bezeroak aurrez aurre euskaraz artatzeko ekintza eta materialetarako. Dirulaguntza publikoek, guztira, ezin izango dute proiektuaren zenbatekoaren % 65 gainditu, behin gehiegizko zenbateko ez-konputagarriak eta deialdiaren xedearekin zuzeneko lotura ez duten gastuak kendu ondoren.
Eskabideak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 16an hasi eta martxoaren 14an amaituko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.

Gazteak Mugaz Gaindi

“Gazteak Mugaz Gaindi” Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formationek, NAEN euroeskualdearen laguntzarekin, antolatutako programa bat da. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen ildo estrategikoen esparruan txertatutako jarduera honen bidez, hiru lurraldeetako gazteen arteko elkar ezagutza sustatu nahi da, euren ahalduntzean lagundu eta haien arteko harremanak sustatu, bai gizartean, bai ekonomian eta kulturan. Hori guztia, Euroeskualdea osatzen duten komunitateen inguruko topikoak, aurreiritziak eta ulertezintasunak gaindituz eta indarguneak aprobetxatuz.
Bost izango dira urtarriletik maiatzera bitartean egingo diren topaketak. 18 eta 35 urte bitarteko 30 bat gaztek hartuko dute parte (hamar, lurralde bakoitzeko), eta egoeraren diagnostikoa egingo dute, beren bizitzetan eragina duten hainbat alderditan.
Programa honek Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta garatutako GizarteLAB Gizarte Berrikuntzako metodologia izango du, eta, hainbat teknikaren konbinazioari esker, lurralde bakoitzeko gazteen lankidetza eta ahalduntzea sustatzen lagunduko du, balio partekatuak identifikatuz eta mugaz bi aldeetako gazteen arteko harremanak eta ezagutza indartuz.
Programaren itxiera-ekitaldia maiatzaren 26an egingo da Irunen, eta, bertan, ondorioak aurkeztu eta prozesuaren emaitzak ezagutaraziko dira.