“Gazteek politikan parte hartzeko espazio ezin hobea da EGI”

Mikel Hidalgo Bordegaraik enpresen administrazio eta zuzendaritza ikasketak egin ditu Deustuko unibertsitatean, eta finan­tza-auditore gisa lan egin du Pricewaterhouse Coopers-en eta inbertsioen eta zorro-kudeaketaren analista gisa Seed Capital Bizkaia-n. Gaur egun, Lehendakaritzan gizarte-trantsizioko proiektuak koordinatzeko aholkulari gisa dihardu.


2021.urtean, aho batez Euzko Gaztedi-EGIko Aberri Idazkari izendatu zintuzteten. Nolakoa da zure egunerokotasuna?
Lehenik eta behin, esan nahiko nuke EGIren Aberri Kontseilua 7 lurraldeetako ordezkariek osatzen dutela eta elkarrekin barne-antolakuntza hobetzeko eta EGIren helburuak lortzeko lan egiten dugula.
Aberri Idazkari gisa, nire eginkizun nagusia barne koordinazioa da. Era berean, EGIren ordezkari izatea, hainbat foro eta bileratan. Baina beti Aberri Kontseiluaren adostasunarekin. Gure herriaren alde lan egiteko ideia oso argi batekin lan egiten duen taldea gara.


Klima-aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira gure gizartean, hala nola tenperatura oso altuak edo muturreko klima-aldaketak. Zer-nolako neurriak planteatzen dituzue klima-aldaketari aurre egiteko?
Alde batetik, energia berriztagarrien aldeko apustu argiari eutsi behar diogula uste dut. Etxebizitzen eta industrien elektrifikazioan inbertitu, erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko helburuarekin. Hidrogenoaren erabilera garatu energia-iturri alternatibo gisa, hidrogeno berdea ardatz hartuta. Uste dut argia dela energia berriztagarrien sorkuntzaren eta hidrogenoaren alorreko inbertsioaren alde egiten ari den apustua.


Bestalde, eremu naturaletan esku hartu behar dugu. Eusko Jaurlaritzak berak dagoeneko hainbat proiektu ditu martxan, badia eta padura batzuk beren egoerara itzul daitezen, eta, horrela, klima-aldaketaren eragina murrizteko.


Herri txikia gara. Horrek esan nahi du ekarpena egin dezakegula eta egoera hobetu dezakegula, baina aldaketa global bat behar dugu. Horregatik, deskarbonizazioan lagundu behar dugu, baina baita klima-aldaketak izan ditzakeen eraginetarako prestatu ere.


Egungo politikan hainbat eta hainbat ustelkeria kasu gertatu dira. Espainiako estatuak eta Euskal Herriak ustelkeria-arazo orokorra al dute?
Gardentasun-maila altua aitortuta duten erakundeak ditugu, eta ustelkeria-kasuak bakanak dira. Baina kasu bakar bat jada asko da. Politikarien dezentzia defendatzen dut. Uste dut ustelak gutxiengoa direla. Eta esan dezaket gogaitzen nauela.


Jarri nire lekuan edo nerabezarotik alderdi bateko kide izan den edonoren lekuan; zurekin zerikusirik ez duten gaizkileen fama hartu behar duzu? Ez zait iruditzen hori bidezkoa denik. Nire ustez, politika egiten duen jendearen gehiengo zabalak konbentzimenduz eta zintzotasunez egiten du.

“Sektore produktiboen aldeko apostua egin behar dugu”


Badirudi Europar Batasunaren proiektua pitzatzen ari dela; Britainia Handia alde egin du, eta Hungaria eta Polonia ia erregimen totalitarioak dira. Zein da zuen ikuspegia?
EGIk Europar Batasunarekin duen konpromisoa erabatekoa da. Mundu konektatu batean bizi gara, eta zeure burua isolatzea ez da aukera bat. Hain zuzen ere, herri gisa berriro aldarrikatzeko aukera bat da. Guretzat eta Korsika, Bretainia, Flandria eta gainerako nazioentzat. Sareak ehundu eta sinergiak sortu behar ditugu beste lurralde ba­tzuekin. Irmoki uste dut Europar Batasunak askatasun-eremu bat izan behar duela. Gure planetan, ez dago demokrazia eta justizia sozialeko maila bera duen beste gunerik.


Eta Polonia eta Hungariako kasuez hitz egiten badidazu… Uste dut erabaki beharko luketela gainerako estatu kideekin eremu bat partekatu nahi duten. Baina jakin behar dute justizia-sisteman esku har­tzeko politikak, gutxiengoen aurkako erasoak, ezin direla onartu. Europar Batasunak irmotasunez erantzun behar die kasu horiei.


Erresuma Batuari dagokionez, baliteke Europar Batasunaren barruan inoiz eroso sentitu ez izana. Hango politika askok zerikusi handiagoa dute AEBrekin izan duen harreman historikoarekin Europarekin baino, eta ez da kritika bat. Herritarrek libreki erabaki zuten erreferendumean Europar Batasuna uztea, eta guztiz zilegi da. Nire herriak erreferendum baten bidez nola bizi nahi duen erabaki dezala nahi dut; ez naiz ni izango besteen erabakia kritikatuko duena.


Gaur egun, gazte askok esaten dute beren iritziak ez direla aintzat hartzen. Horrela dela uste duzu?
Gazteek politikan parte hartu, lagundu eta eragin dezaten, espazio ezin hobea da EGI. Uste dut gazteok baditugula tresnak gauzak adierazi eta entzun gaitzaten.
Kritiko samarra izanik, ezin gara etxean zain egon haiek gu entzun gaitzaten; historiak erakutsi digu ez duela horrela fun­tzionatzen. Parte hartu, eraiki eta kritikatu egin behar duzu entzuna izan nahi baduzu. Baina batez ere zure elkartean edo antolakuntza politikoan parte hartu behar duzu. Ezin dugu espero besteek guk egiten ez duguna egitea. Ekintza-belaunaldi bat izan behar dugu, bere orainerako eta bere etorkizunerako erabakiak hartzen dituena.


Helarazten dizkiguten mezuen arabera, gazteek oso etorkizun beltza dute aurretik: langabezia-tasa altuak, lan-baldintza kaskarrak… EGIn, zer-nolako lan-ildoak lantzen ari zarete, horri dagokionez, egoera arin­tzen laguntzeko?
Uste dut intzidentzia hainbat bidetatik datorrela. Lehenik eta behin, sektore produktiboen aldeko apustua egin behar dugu, hala nola industria, ezagutza… Azkenean, lanpostu kualifikatuen sektoreak izango dira langileei baldintza hoberenak eskain diezazkioketenak, eta, beraz, bizi-kalitate hobea dakartenak.

Uste dut enpresekin ere lan egin beharko genukeela. Bizi-kalitate handiko herrialde lehiakorra nahi badugu, gazteak segurtasun eta soldata mailak eskain­tzen dituzten kontratuekin eduki behar ditugu, bizi-proiektua eraikitzea ahalbidetuko baitute. Ezin da soldata-maila jakin bat duen langile bat erretiratu eta haren ordezkoari bestearen soldataren erdia eskaini; hori ez da gure herri eredua.


Baina jakin behar dugu prestakuntza gakoa dela. Eta, ikasketa arautuak ez ezik, hizkuntzen ezagutza edo gaitasun pertsonalak lantzea ere bai. Denok gaude parte hartzera deituta, gure enplegagarritasuna landuz. Baina Gobernuak eta enpresek ere bizi-kalitate handiko herrialde bat mantentzeko konpromiso argia eduki behar dute.

Gero eta prestigio txikiagoa du 78ko erregimenak gazteen eta adinekoen artean. Zure ustez, zein izan daiteke urrun­tze horren arrazoia?
78ak oso urrun harrapatzen gaituen belaunaldi bat gara. Kontziente izan behar dugu egungo erregimen politikoa sable-zaratarekin eraiki zela. Eraikuntza honetan, parte-hartzaile asko diktadurako erakundeetatik etorri ziren.


Demokraziak jarraituko duen ala ez zalantzan jartzen ez den sistema batean bizi gara; ideia ezberdinak irudikatzeko segurtasuna garai hartan baino askoz handiagoa da.
Funtsezko aldaketak ere egon dira. Esate baterako, berdintasunaren alorreko aurrerapenak edo ia gizarte osoaren digitalizazioa. Informaziorako erabateko sarbidea dugu, nahiz eta batzuetan horrek desinformaziora eramaten gaituen.


Beste gizarte bat gara. Uste dut 78an gazte zirenak ezin zirela 36ko gazteekin alderatu, ezta? Tira, beharbada, 78koekin ere ezin dugu gure burua konparatu.


2030 Agendan erabat murgilduta zaudete; izan ere, 2030 Agenda duzue politika publikoetarako marko gisa. Zer-nolako ekintzak egingo dituzue edo egiten dituzue 2030 Agenda sustatzeko?
Bai, EGIk 2030 Agendaren aldeko apustua egiten du. Uste dut arduratsuak izan behar dugula, eta aldaketak egin behar ditugula gure gizartean, kontsumo-ohituretan, mugikortasunean… Gure ekintzei dagokienez, ia beti bezala, EGIkideei formakuntza eskaintzen hasi gara. Ia lan-arlo guztietan geure burua prestatzen saiatzen gara, eragin-ahalmen handiagoa izateko. Nazioarteko erakundeetatik datozen ekimenetan ere parte hartu dugu eta 2030 Agenda sartu dugu gure Bilera Nagusian onartu ditugun ponentzietan. Gaur egun, gure politikaren oinarrizko ardatz bat da.


Zer esango zenieke egungo gazteei EGIn parte hartzeko?
17 urte nituenetik EGIko kide naiz, eta sinesten dut aberri honetako gazte antolakunde pluralena garela.


Erakunde abertzalea, independentista, humanista, euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile irmoa, demokraziaren eta norbanakoen askatasunen defendatzailea. EGI 1904an jaio zen, gure herriaren alde lan egiteko eta defendatzeko.

Aurreko paragrafoko balioekin identifikatuta sentitzen den edozein gazteri EGIra hurbiltzeko esango nioke. Parte har dezala, kirika dezala, eta sinesten duenaren alde lan egin dezala. Ez gara erakunde uniforme bat eta ez dugu izan nahi; pluraltasuna funtsezkoa da. Hala ere, guztiok bat egiten dugu gure herrikideen bizi-kalitatea hobetzeko eta gure aberria etorkizunera eramateko helburuarekin.