Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa emango die gazteei, emantzipatzeko aukera izan dezaten

Gazteek gaur egun aurre egin behar dieten arazo handienetako bat emantzipazioa da. Etxebizi­tzaren eskasia eta gaur egungo garestitasuna, bai erosketari bai alokairuari dagokienez, lan-prekaritatea eta bizitzaren garestitzea oso kontuan hartu beharreko faktoreak dira familia-etxea uzteko planteamenduan. Euskadin 30 urtekoa da batez bestekoa.


Euskadiko etxebizitza libre batengatiko alokairuaren hileko ordainketak gazte baten batez besteko soldataren % 80 hartzen du, eta etxebizitza libre bat erosteko hileko hipoteka-kuotak % 65,2 hartuko luke; zifra horiek bideraezinak dira haientzat, Gazteen Kontseiluaren Emantzipazio Behatokiaren azken txostenaren arabera.
Pandemiaren ondoren larriagotutako egoera horrek hainbat ondorio dakartza berekin, hala nola gaur egun bizi-proiektuak egiteko ezintasuna edo etorkizun ertainean guraso izatea plantea­tzea. Euskadiko jaiotza-tasa estatuko baxuenen artean dago. 2021 izan zen EAEn jaiotza-tasa txikiena izan zuen urtea 1975etik; orduan hasi ziren erregistro autonomikoak.


Egoera hori eta etorkizunean izango dituen ondorio pertsonalak eta sozialak arintzeko, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa emango die emantzipazio-prozesu bat hasi duten edo hasten ari diren 25 eta 29 urte bitarteko gazteei. Oraingoz, zenbatekoa, iraupena eta ezaugarriak azter­tzen ari dira, eta ondorioak mar­txoan ezagutuko dira, plana behin betiko onartzen denean, aurreikuspenen arabera. Laguntza hori estrategia zabalago baten barruan kokatzen da, eta Jaurlaritzak azken hilabeteetan iragarri dituen euskal gazteen egoera ekonomikoa hobetzeko hainbat neurri biltzen ditu, hala nola 300 eurora igotzea Gaztelagun alokairu-programarako laguntzak, gazteen­tzako DSBEaren baldintzak malgutzea, edo hilean 200 euroko laguntzak ematea hiru urtez seme-alaba bakoitzeko, jaiotza-tasa sustatzeko. Gainera, etxebizitza publikoen sustapen guztietan % 40ko erreserba aplikatu behar da 36 urtetik beherakoentzat, eta cohousing eta coliving direlakoak sustatu behar dira.


Laguntza horrek zehazten du zer adin-taldetan jardun behar den lehentasunez, eta emantzipazioaren atzerapenarekin lotutako faktoreak identifikatzen ditu: emantzipatuta egon beharko luketen 25-29 urteko gazteak, baina etxebizitza-merkatuan sartzeko zailtasuna eta lan-prekaritatea dira aurre egin behar dieten oztopo nagusiak. Egoera hori arintzeko eta euskal gazteen arteko independentzia sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak beharrezko baldintzak betetzen dituzten adin-tarte horretako gazteei emango die laguntza ekonomiko hori.


Gazteen enplegua bultzatzea
Hala, Eusko Jaurlaritzaren estrategian enplegua da ardatz nagusietako bat. Izan ere, enplegu prekarioak dira gazteen burujabetza eragozten duten faktore nagusietako bat. Horrela, 2023tik 2024ra bitartean gazteentzako 13.500 emplegu sustatuko direla aurreikusten da, eta horiei beste 14.000 gehituko zaizkie, enplegu-programa orokorrek gazteen enpleguan duten eraginagatik. Aipatutako 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzako emantzipaziorako laguntzaz gain, 2023an, erronka demografikoaren estrategian aurreikusitako ekintzailetza-, prestakuntza- edo etxebizitza-proiektuetarako mailegu-programaren oinarriak garatuko dira. Berdin-berdin, familia-laguntzako sarerik ez duten 25 urte arteko gazteei laguntzeko programak egingo dira, hala nola Trapezistak programa, bai eta DSBEa jasotzeko adina 18 urtera arte murrizteko programak ere, betiere, baldintza jakin batzuk betetzen badira.


Proiektu hori Euskadiko Gazteriaren Kon­tseiluarekin lankidetzan gauzatuko da. Euskal gazteen emantzipaziorako batez besteko adina aurreratzearekin lortu nahi den helburua gazteen aukerak handitzearekin, euskal gizartea gazte­tzearekin eta jaiotza-tasa igotzearekin lotuta dago.