Gasteizko gazteentzako naoipuinen lehiaketan parte hartzeko epea ireki dute

Gasteizko Liburutegien Udal Sareak Gazteentzako Nanoipuinen Lehiaketako zortzigarren edizioa martxan da, Gasteizko 12 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta. 

Lanak euskaraz edo gaztelaniaz izan daitezke, eta gehienez bi ipuin aurkez ditzake egile bakoitzak. Testuen gehieneko luzera 300 karakterekoa izango da eta kolore baten izena jaso beharko dute, norberak nahi duena.

Lehiaketa hiru kategoriatan banatuta dago: A kategorian, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak izango dira; B kategorian, DBHko 3. mailatik hasi eta 18 urte artekoak; eta C kategorian, berriz, 19 eta 30 urte arteko gazteak.

Sariei dagokienez, A eta B kategorietan, lehen saria 100 euro, liburu-denda batean erabiltzeko 75 euroko opari-txartela eta diploma  izango dira; bigarren saria, aldiz, liburu-denda batean erabiltzeko 75 euroko opari-txartela eta diploma. C kategorian, lehen saria 250 euro, liburu-denda batean erabiltzeko 75 euroko opari-txartela eta diploma izango dira; bigarren saria, aldiz, liburu-denda batean 75 euroko opari-txartela eta diploma.

Nanoipuin irabazleak udalaren webgunean eta Liburutegien Udal Sareko sare sozialetan argitaratuko dira. Gainera, testu irabazleak Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolako ikasleek ilustratuko dituzte eta lan horiek Ibaiondo, Salburua eta Pilar gizarte-etxeetan ekainean eta uztailean ikusgai izango den erakusketa ibiltaria osatuko dute. 

Lanak formularioaren bitartez aurkeztu beharko dira martxoaren 19ra bitarte.