Laburbirak, hau da, euskarazko film laburren zirkuituak, 20 urte beteko ditu Euskal Herriko aretoak euskal filmez betetzen. Euskaltzaleen Topaguneko kideek azaldu dutenez, «edizio berri honetan ere, hasiberriak eta profesionalizaziorako bidean dauden zuzendarien lanak ahalik eta toki gehienetara heltzeko helburua dugu». Horrela, martxoaren 6tik apirilaren 5era arte, herriz-herri ibiliko da euskarazko film laburren zirkuitu hau. Orotara, zazpi film labur ikusgai, ordubete inguruko proiekzioa izango delarik.
Zazpi film horien artean aurkitzen da ‘Muskil’. Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi diren agure bikotea dira. Ixabelek baserriko lanak egiten pasatzen ditu egunak, Pedrok, berriz, tabernan. Ixabeli gero eta gehiago kostatzen zaio bizimodu horrekin jarraitzea eta, gainera, Pedroren tratu txarrak jasan behar ditu. Bestetik, 2022. edizioko Kameratoia, ikus-entzunezkoen rallya irabazi zuen ‘Olatuen isiltasuna’ ere ikusgai. Urtero urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdina egiten du protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin.
Beste bat, ‘Irrits’. Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.
Laugarren film laburra ‘Koadro goriari heldu’ da. Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte. ‘Erlojupekoa’ ondoren, Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iritsiko zaio. Paketea motxilan, riderrak esleitutako misioari ekingo dio bideo-joko baten pertsonaia balitz bezala ibilbidean topatuko dituen oztopoak ahal bezala saihestuz. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen?
Seigarrena ‘Hitzak’ dira. 1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik diren hitzak atzemango dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertuko. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira. Eta azkenik, ‘Asko falta da?’, neska gazte bat asteburu pasa joango da lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da.