UNAI GANDIARIAS /2019-11-18/ Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak jarri dute martxan Ramiro Pinilla III. Eleberri Laburren Lehiaketa, Bilbon jaiotako idazlearen memoria mantendu eta literatur sorkuntza bultzatzeko helburuak mantenduz, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Lehiaketan parte ahal izango du egoitza Espainiako Estatuan duen edonork, edozein dela bere nazionalitatea. Euskarazko zein gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira eta lanon luzera 80 eta 120 orrialde artekoa izango da. Testuak jasotzeko epea 2020ko otsailaren 15ean amaituko da, epaimahaiak abuztuaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko du erabakia eta sariak irailaren lehenengo hamabostaldian banatuko dira.
Bi sari emango dira lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lan onenentzat, 6.000 eurokoak. Halaber, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek. Deialdiaren arauak Getxoko kultur etxeetan eta www.getxo.eus/ramiropinilla web orrian eskura daitezke.
Pinillesca taldea eta Getxoko Udala, elkarlanean
Lehiaketaren bitartez, Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak elkarlanean jarraitzen dute, Ramiro Pinillaren inguruan aurretik egindako proiektuen ondoren, adibidez, egilearen heriotza dela-eta antolatutako omenaldiak. Lehiaketa baliatuta, idazlea eta bere lana omendu nahi da.
Eleberri laburren lehiaketaz gain, Txiki Baskardo Haur Kontakizunen III. Lehiaketa ere jarri da martxan, DBHko 1. mailako ikasle getxoztarren artean literatura sorkuntza sustatzeko asmoz. Aurreko urteetan bezala, parte hartzeko bi modalitate egongo dira: ikastetxeen bitartez edo nork bere kabuz.
Bi kasuetan [nalean parte hartuko duten hautagaiak aukeratuko dira. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko, eta irabazleek tableta elektroniko bana jasoko dute. Halaber, [nalistei diploma bana eta Getxoko edozein liburu dendatan liburuak erosteko 50 euroko txeke bana emango zaizkie. Deialdiko arauak dagoeneko eskura daude www.getxo.eus/txikibaskardo web orrian.