Sara Azurzak bere lehen diska kaleratu du, Hemen berriro deiturikoa

Sara Azurza abeslari donostiarra 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean. Bere lehen urratsak Iker Laurobarekin egin zituen eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin zuen, besteak beste.

2018an bere bakarkako lehen lana aurkeztu zuen: Theorein. Euskarazko eta ingelesezko bost abestik osatzen dute diskoa. Berak idatzitako abestiak dira (Erlojuez Gainez izan ezik) eta Iker Laurobak ekoitziak. Horiek pop generora hurbiltzen dira eta oso akustikoak eta lasaiak dira. Azken bi urteetan, Sara bere estiloaren bila ibili da Bartzelona, Montreal eta Londres artean. Abeslariak Ameriketako eta Ingalaterrako bakarlariak izan ditu beti erreferente, eta oraingoan proposamen berri batekin dator: abesti berriei ‘Soul’ kutsu handiagoa eman die. 2020ko abenduaren 4an bere lehen single eta bideoklipa kaleratu zuen: London Weather, hau ere Iker Laurobak ekoitzia.

Abeslari donostiarraren lehenbiziko lan osoa da ‘Hemen Berriro’. Bederatzi abestiz osatuta, bizitzako ziklo emozionalaz dihardu disko honek. Izan ere, Sararentzat musika emozioak azaleratzeko tresna ezinhobea da.