J Martina eta Merina Gris taldeek ‘J Merina Bira’ abiatuko dute Euskal Herrian apirilean

J Martina eta Merina Gris taldeeek ‘J Merina Bira’ abiatuko dute Euskal Herrian apirilean. ‘Euskal Herriko olatu berria’ lemapean, elektronika, genero urbanoa edota pop etiketak landuko dituzte oholtza gainean, udaberrian euskal musika panorama astintzea erronkatzat hartuta.

Merina Grisek eta J Martinak pasa den urtean kaleratu zuten beren lehendabiziko lana. Hala, ‘Zerua Orain’ eta ‘Jaio Naiz’ iaz urteko lan onenen zerrendetan egotea lortu zuten, eta oraingo honetan indarrak batu dituzte udaberrian egingo duten birarako.

Lehendabiziko musika emanaldia apirilaren 15ean izango da Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Apirilaren 22an, aldiz, Iruñako Totem Aretoan izango dira, baita maiatzaren 5ean Donostiako Dabadaban izan ere. Gipuzkoako hitzorduan Merina Gris izan beharrean, Silitia talde bizkaitarrak joko du J Martinarekin batera. Azkenik, maiatzaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian emango diote amaiera bira entzutetsu honi.

Merina Gris gipuzkoarren zuzeneko musika emanaldiak intentsitate handikoak dira eta halaxe erakutsi dute azkenengo hilabeteotan eskaini dituzten musika emanaldietan. Beren zuzenetako beste xehetasun esanguratsuetako batzuk, estetika indartsua eta argi-produkzio landua dira.

Era berean, J Martina talde nafar-bizkaitarrak arte elektronikoa eta pop-a du egiteko nagusitzat, musika alternatiboa eta dance-a ere nahasten dutelarik beren egitasmo musikaletan. Larrabetzuko eta Barañaineko hirukoteak zur eta lur utzi ditu ikus-entzuleak gaur egun bitarte eskaini izan dituzten kontzertu ezberdinetan.