Bulego, Merina Gris, Neomak, Sua, ETS eta Süne zuzenean ariko dira Gaztea Sarien galan

Gure musikan zentratzeko garaia da, eta, premisa hori jarraituz, Gaztea Sariek martxoaren 2ko galan eskainiko dituzten zuzeneko bost musika emanaldiak jakinarazi dituzte. Orain arte dakigunez, ETS taldeak eta Süne artistak elkarrekin joko dute eta han izango dira ere Sua talde bizkaitarra eta Neomak zazpikotea, giroa berotzen. Merina Gris hirukotea ere badago Gazteak aste honetan bertan baieztatu berri dituen izenen artean, eta, hori nahikoa ez balitz, interesdunek jakin behar dute Bulegok kontzertu berezia eskainiko duela. Hau guztia jakin ondoren hurbildu nahi duzu, ezta? Ba jakin ezazu sari berezi hauek Euskalduna Jauregiko Urban Hall espazioan banatuko direla.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, orain arteko edizioetan bezala, aurtengoan ere sari banaketa bat baino askoz gehiago izango da martxoaren 2koa, izan ere, festa handirako propio prestatutako espazioan, photocall-a, taldeen zuzenekoak, ‘GU’ saio berezia, eta hainbat sorpresa egongo dira.

Eta sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak erreserbatzea nahitaezkoa izango dela aurreratu dute. Hala, nahi duenak Euskalduna jauregiaren webgunean eskuratu ahalko ditu astelehenean, otsailaren 6an, 12.00etatik aurrera.

Streaming bidez jarraitzeko aukera

Egun horretan Bilbora hurbiltzeko modurik ez dutenek etxetik gozatu ahalko dute ikuskizunaz. Izan ere, 2023ko Gaztea Sariak streaming bidez ikusi ahal izango dira, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Datorren astean iragarriko ditu Gazteak zeintzuk diren aurtengo edizioko artista izendatuak. Azaldu dutenez, ‘Dida!’ eta ‘GU’ saioetan, sare sozialetan eta webgunean joango dira kategoria bakoitzeko izendatuen berri ematen. Izen guztiak iragarrita, publikoaren txanda iritsiko da, entzuleek erabakiko baitute zeintzuk izango diren oholtza gainera igoko diren sarituak. Bederatzi eguneko epea izango dute Gaztearen webgunean sartu eta gustuko talde edo bakarlariaren aldeko botoa emateko.