Gazte gaming VG espazioa zabaldu dute

Hiriko haurrekin egindako Hobetuz Txiki programaren partaidetza foroetan gehien bozkatutako proiektua izanik, gaur zabalduko ditu ateak Gazte Gaming VG espazioak. Online jolastu, gamingaren gaineko gauza praktikoak ikasi eta horretan ibiltzen diren beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera izango dute gazteek, baita mundu mailakoak ere.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, “espazio horretan genero-ikuspegitik egingo dute lan, eta aisialdi osasungarriaren eta online-jokoaren inguruko mendekotasun-jokabideen prebentzioaren garrantzia indartuko dute”.

Espazioa San Martin Zentroan dago kokatuta, Jesus Apellaniz margolariaren kaleko bigarren zenbakian. Hiru espaziotan banatuta dago: ‘Kuadrilla eremua’ kontsolekin jolasteko; ‘gorri zone’ ordenagailuekin jolasteko; eta ‘atelier gunea’, tailerrak, lehiaketak eta talde-dinamikak egiteko.

Bi hezitzaile egongo dira erabiltzaileei arreta eskaintzeko. Erabiltzaileek hilabeteko bonua eskuratu beharko dute ordenagailuak eta kontsolak erabiltzeko, eta erabiltzeko gehieneko denbora egongo da.

Gazte Gaming VG asteburuetan egongo da zabalik, eta adinaren arabera ordutegi jakin bat izango du. 12 eta 15 urte bitarteko nerabeak ostiralean 17:30etik 19:15era, eta larunbatean 16:30etik 18:45era joan ahal izango dira. Eta 16 eta 18 urte bitarteko gazteak, berriz, ostiralean 19:15etik 21:00era, eta larunbatean 18:45etik 21:00era.

Bestalde, hilero, igande goiz batean, jarduera bereziak programatuko dira: tailerrak, lehiaketak…