‘Egunean behin’ lehiaketa arrakastatsua bueltan da!

‘Egunean behin’ lehiaketa arrakastatsua bueltan da. Aurtengoa 11. denboraldia izango da, eta astelehen honetan hasiko da. Amaitu, berriz, apirilaren 2an amaituko da. Astero sari bat banatuko diete, bai irabazleari, bai zazpi egunetan jokatzen dutenen artean egingo duten zozketaren irabazleari.

Gainera, denboraldi amaieran, areto batean antolatu nahi du CodeSyntax enpresa antolatzaileak. Koronabirusak 2020. urtean eragindako pandemiaren aurretik hala egin zuten 2019. urtean, eta aurten, martxoan, lehiaketak lau urte beteko dituela aprobetxatuz, ospakizun moduan ere baliatu nahi dute.

Baina zertan datza ‘Egunean behin’? Bada tribial estiloko euskarazko galdera-erantzunen jokoa da, gailu mugikorretan jokatzeko. Android baduzu, Google Play-n deskarga dezakezu Egunean Behin aplikazioa; iOs badaukazu, berriz, App Store-n.

Egunero 10 galdera erantzun behar dituzu, ahalik eta azkarren, denbora ere kontuan hartzen delako. Gerta daiteke batek baino gehiagok erantzutea 10 galdera horiek ondo, baina azkarren erantzuten duenak bakarrik irabaziko du saria. Egunero partida bat bakarrik joka daiteke, beraz, ez dago marka hobetzerik.

Besteak beste, matematika, geografia, historia edota kirolari buruzko galderak izango dira, baina puzzleak ere ager daitezke, betiere euskal kultura oinarritzat hartuz. Esan bezala, ahalik eta azkarren erantzutea da helburua (ondo erantzutea, noski), baina ez dago erantzuteko denbora-mugarik.

Taldeka edo bakarka joka daiteke, eta sarien artean egongo dira, hala nola, Samsung telebista adimentsua (32 hazbetekoa), Android euskaraz duen Vivo telefono mugikorra, Android euskaraz duen Xiaomi Poco telefonoa eta Haririk gabeko JBL aurikularrak, bi lagunentzat.

Horrenbestez, parte hartu nahi baduzu edo lehiaketari buruzko informazio guztia irakurri nahi baduzu, sartu hemen.