CAF-ELHUYAR sariketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute

13.000 euro banatuko dira, lau kategoriatan. Lanak aurkezteko epea otsailaren 6an amaituko da.

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. ‘Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak’ da aurtengo goiburua, eta interesdunek otsailaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren lanak, honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus

Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin, eta hiru kategoria hauek osatzen dute sariketa: dibulgazio-artikuluak, kazetaritza-lanak eta sorkuntza-beka.

Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago arlo hau: dibulgazio-artikulu orokorra eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio artikulua. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.

Zientzia-kazetaritza arloko lanak. 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu.

Sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, baita eskultura ere.

Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria.

Esan bezala, CAF-Elhuyar sariak CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak 1994tik antolatu dituzten sariak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatu, saritu eta aitortzeko, NEIKER-Tecnaliaren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren diru-laguntzaz.

Otsailaren 6ra arte aurkez daitezke lanak, honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus. Bertan irakur daitezke aurreko urtetako lanak ere.