Durangaldeko ikerlari gazteentzako deialdi berria

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna gazteen artean bultzatzeko helburuarekin, Ikerlari Berrien Saria martxan jarri du jadanik. Lanak aurkezteko epea apirilaren 17ra arte luzatuko da.

Euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu eta ezagutzera emango dira, bi kategoriatan: 18 urtera artekoak eta 19-35 urte bitarteko gazteak. Ikerketa gaia edo arloa Durangaldean kokatutakoa izan behar da. Beraz, edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen edo dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza, ekonomia, ondarea, lurraldea, turismoa, musika… Lana euskara hutsean aurkeztu behar da, jatorrizko lana eta lau formatutan aurkeztu ahal izango da: artikulua, poster akademikoa, ikus-entzunezkoa edo podcasta.

Bakarkako lana edo talde lana izan daiteke. Eskatzailea Durangaldean bizi edo ikastea ezinbesteko baldintza izango da, eta talde lana bada, taldeko kide batek gutxienez bete beharko du baldintza.

Apirilaren 17ra arte egongo da lanak aurkezteko epea. Epaimahaia, Iruri Altzerreka Martinez zuzenbidea ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako gazteek osatuko dute. Egitasmo berri honek ere Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa jasoko du.

Bidalitako eskariak aztertu ondoren, epaimahaiak adin-kategoria bakoitzetik lan bakarra aukeratuko du. Epaimahaiak hartutako erabakiaren kontra ez da egongo alegaziorik aurkezteko aukerarik. Jakinarazpen prozesua sinpleago, azkarrago eta errazagoa izateko, erabakia telefonoz edo emaniko posta elektronikoan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Irabazleek sariari uko egin ahal izango diote. Lehiaketaren irabazlea prentsa bidez ere jakinaraziko da.