Otsailaren 10etik 12ra ospatuko da neguko bertso barnetegia, Muxikan

Otsailaren 10etik 12ra ospatuko da neguko bertso barnetegia Muxikako udalerri bizkaitarrean, ostiraletik igandera, hain zuzen ere. Hala, nahi duten gazteek urtarrilaren 30era, astelehenera, bitarte izango dute hitzorduan izena emateko aukera. Ostiral arratsaldean abiatuko da egonaldia Busturialdeko udalerri honetan, eta igandean eguerdiko hamabietan amaituko.

Izan ere, Muxikako Gorozikako aterpetxean hitzartuko dira DBH1etik Batxilergoko bigarren mailara bitarteko Bizkaiko bertsolari gazteak. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, egitasmo honen antolatzaileak nabarmendu duenez, aurten ere helburu nagusiak gazte bizkaitarrek bertsoarekin gozatzeko aukera izatearekin batera, lurralde historiko honetako bertso eskoletan murgilduta dabiltzan gazteek elkar ezagutzea eta beraien arteko harreman sarean ehuntzea bilatzen da.

Egonaldiaren prezioa guztira 48 eurokoa izango da. Bertan izateko izen-emate egonaldi orria bete beharko da, ordainketaren egiaztagiria atxiki beharko delarik. Edukiera ere mugatua izango dela mahaigaineratu dute. Hala, parte-hartzaileen zerrenda osatzeko izen-ematearen ordena, eskualdeen arteko oreka eta generoa hartuko dira aintzat.

Izen-emateak honako esteka honetan ( bertsozale.eus/eu/bizkaia/neguko-bertso-barnetegiak-2020-izen-ematea/view ) landu beharko dira. Bertan ikaslearen, hau da, parte-hartzailearen eta guraso edota tutorearen datuak bete behar dira, baita edozein motatako oharren bat badute bertan adierazi ere. Era berean, Osakidetzako txartela eta ordainagiria eraman beharko dira barnetegira.