Zornotza MusikaGas Fest! 2023 jaialdia dator

Urtarrilaren 28an Zornotza MusikaGas Fest! 2023 jaialdiaren lehenengo edizioa ospatuko da. Udalak ekimen hau antolatzeko Musika Bulegoa, Gerediaga Elkartea eta Zornotzako Gazteen laguntza izan du. Kartela bederatzi talde edo bakarlarik osatzen dute, guztiak euskarazko musika sortzaileak. Jaialdian Durangoko Azokako ‘Da! Pro topaketa’n euren lanak aurkeztu zituzten sei talde edo bakarlariez gain, beste hiru ere izango dira. Kontzertu guztiak doakoak izango dira.

Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan, jaialdiaren helburu nagusia da erakusleiho bat izatea artista gazte eta berriek, euskarazko musikaren sortzaileek; hala beren lanak aurkezteko hitzordu berri bat izango dute: «Udalak urtean zehar antolatutako musika-ekimenek sektore horrekiko gure konpromisoa erakusten dute. Euskarazko musika-karrera hasi nahi duten euskal gazteek Amorebieta-Etxanon aukera bat izatea sustatu nahi dugu; eta bide bateez, kontratazio eta erakustaldi publiko honek balio izatea gazteen profesionalizazioa bultzatzeko».

Kontzertu-maratoi bat izango da. Lehenengo kontzertua Sweet Rage taldeak eskainiko du, 12.30etan, Urtza Tabernan. Ondoren, Goiatz Duttoren txanda izango da; Moonshine Wagon taldeko abeslariak bere bakarkako lana aurkeztuko du Sukoi tabernan, 13.30ean. Arratsaldeko lehen kontzertua Ilargiren eskutik iritsiko da, Zelaietako kontzertu gelan izango da hori, 17.00etan.

Geroxeago, 18.15etan, Bermeoko Etxekalte taldeak Amorebieta IV pilotalekuan zabalduko ditu rock alternatiboa eta post rocka bezalako estiloak. Zornotza Aretoko agertokian, bestalde, Olaia Inziartek ‘Lehengo lepotikan burua’ diskoko kantuak abestuko ditu, 19.30ean. Ordu laurden geroago, Vintage tabernan, ‘Deñe’ taldeak joko du. Ondoren, aurretik aipatutako bi agertokitara bueltan izango dira kontzertuak. Alde batetik, 20.45etan, ‘Mugan’ taldeak pop folk hotsak zabalduko ditu Amorebieta IV pilotalekuan. Julenek Zelaietako kontzertu gelan eskainiko du emanaldia, zuzenean, 22.00etan hasita; bere izena daraman diskoa joko du bertan. Eta amaitzeko, Xsakara taldeak amaiera kontzertua eskainiko du, 23.30etan Amorebieta IV pilotalekuan.