Pamplona Negra jaialdia, literaturari eta noir zinemari buruzkoa, Iruñera itzuliko da urtarrilaren 16tik 21era izango den beste edizio batekin. “Hotzetik sortutako eleberria” izenburupean eta Norvegia herrialde gonbidatua izanik, genero beltzeko jaialdi honen bederatzigarren atala espioitza munduko kale ilunetan barrena murgilduko da, eta eskandinaviar eleberri beltzaz eta hotzaren lurraldean egiten den zinemaz arituko da.
Intrigaz, krimenez, espioiz eta psikopataz beteriko sei jardunaldietan, Pamplona Negra internazionalagoa egingo da zeharka, eta izen oso ezagunak izango ditu mahai-inguru tematikoetan, non Jørn Lier Horst eta Helene Flood idazle norvegiarrek munduko herrialde lasaienetako batek hain istorio beltzak nola sor ditzakeen azalduko duten.
Pamplona Negra 2023 Baluarten hasiko da, baina, aurreko edizioetan bezala, berriro aterako da jauregitik, jaialdia hiriko beste espazio batzuetara hurbiltzeko. Ibilbide Antzeztuak itzuli dira, NUPeko Antzerki taldeak egindako Orient Expresseko hilketaren moldaketa batekin, gaztelaniaz eta euskaraz, Kondestablearen Jauregian. Gainera, Nafarroako Liburutegi Publikoekin lankidetzan, irakurketa-klubak eta idazleekiko solasaldiak izango dira; halaber, Tres Reyes hotelean hitzordua izango da noir gastronomiarekin, eta, bertan, agerian geratuko da Chefaren buru iluna.