UNAI GANDARIAS /2019-11-18/ Espainiako presidentea izendatzeko eta gobernua osatzeko negoziazio prozesuan hizkuntza komunitate gutxituen afera agendan kokatzeko eskatu die Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko alderdi politikoei. “Kohesioa, justizia eta berdintasuna ardatz izango dituen gobernuak ezin die muzin egin Estatuak berak sortzen dituen hizkuntza eskubideen urraketei”, adierazi du ostiral honetan Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.
Kontseiluko ordezkariak gogoan izan du duela bi aste Madrilen aragoieraren, asturieraren, euskararen, galizieraren eta katalanaren aldeko gizarte eragileek aurkeztutako ‘Hizkuntza berdintasuna: Askatasuna, aniztasuna eta demokrazia’ dokumentua. “Egun hartan ozen esan genuen hainbat alderdik geure eskubideak murrizteko mehatxuari aurre egingo zion gobernu batek zein konpromiso hartu beharko lukeen”, esan du.
Bilbaok azaldu du Madrilgo aurkezpenaren ondoren Kontseiluak proposamenaren kopia bana igorri ziela Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortu duten EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiei, eta proposamena sinatu zuten beste eragileek haien lurraldeko alderdiei ere igorri zietela: “Badute eskuartean gizarte eragileon adostasun zabala duen proposamena, orain haiei dagokie gaia agenda politikoan kokatzea”.
Gizarte justu eta demokratikoa
Horregatik, hain zuzen ere, Kontseiluak alderdiei zuzenean eskatu die euskara eta gainerako berezko hizkuntzen berdintasun praktikoa eta errealaren aitortza jaso dadila akordioetan. “Gure proposamenean agertu bezala, gizarte justu eta demokratikoa bermatzeko, herritarrei eskubide eta betebehar berdinak aitortu behar zaizkie, eta hori egikaritzeko sei konpromiso zehatz bildu genuen gure dokumentuan”, azaldu du Bilbaok.
Azkenik, une honek hartzen duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Kontseiluko eledunak, eta erantzukizunez jokatzeko eskatu du: “Gogoratu behar dugu, egun, gure hizkuntzan, berezko hizkuntzetan, bizitzeko oztopo nagusienak instituzio horietatik datozela; hartara, ulertezina litzateke Euskal Herriko alderdiek gai hori agendan ez kokatzea”.