Sara, Julen eta Paskal gazte donostiarrek Merina Gris sortu zuten 2020an, estilo oso propioa duen taldea, bere burua “pop bortitza” deitua. Ukitu melodikoak eta elektronika mugituena uztartzen dituzte, eta, harroputzak izan gabe, beren belaunaldiko gazteak erretratatu nahi dituzte, gizarte honetan lekurik aurkitzen ez dutenak. Beraiek diote ez zirela % 100ean identifikatzen zeuden musika-estiloekin, eta, beraz, beraiena sortzea erabaki zuten. Bere proposamena esaldi batean laburbildu beharko balitz, “guztiarekin haustea” litzateke. Abestien letretan, gaur egungo gure gizartean bizi garen norbera izateko barne-borrokari buruz hausnartzen du taldeak
Nola ezagutu zenuten elkar eta zein asmorekin hasi zenuten proiektu hau? Nolakoak izan ziren zuen hastapenak?
Sara – Julenek eta Paskalek hasi zuten proiektua duela hiru bat urte. Asmo nagusia denboran zehar mantendu da, hirukotea osatu genuen momentura arte, eta orain ere mantra berdina dugu buruan: nahi dugun musika egin, etiketak ahaztu eta aske sortzen jarraitu.
“Pop bortitza deitura etiketa bat besterik ez da, gure soinua zer dela uste dugun azaltzeko erabiltzen duguna”
Lehenengo abestia pandemia betean iritsi zen. Nola kudeatu zenuten bakoitza bere etxean sartuta egotea? Nola bizi izan zenuten garai hura?
S – Uste dut gizartea bitan zatitu zela pandemian, batetik, oso gaizki pasa zutenak eta bestetik, dramoi guztiaz haratago oasi txiki bat aurkitu zutenak. Bigarren zaku horretan egon ginela uste dut. Musikarekiko frikismoaz gozatuz eta egin beharrak alde batera utziz.
Esan liteke Merina Gris pop berri batera hurbiltzen ari dela, CHVRCHES, Perfume Genius,… Nola definitzen duzue zuek?
S – Denbora guztian ari gara “musika estilo ezberdinekin” esperimentatzen. Argi dago aipatu dituzun erreferenteek gugan eragina izan dutela, baina ez dugu bertan geldialdi luzeegirik egingo… edo bai. 🙂
Zein da banda gisa duzuen helburua… helbururik gorena?
Paskal – Guk markatutako helburuak gauzatzen joatea. Hori beteta, ez ginateke gaizki ibiliko, kar-kar-kar.
Zergatik erabaki duzue proiektu honen anonimotasuna? Zuen zuzenekoetara ere eramaten duzue?
P – Zuzenekoetara eramaten dugu, eta oraingoz, behintzat, berdin jarraituko dugu. Proiektu honetan “zein/zeintzuk” galderan baino “zer” galderan zentratu nahi izan dugu jendea. Gure musikaren atzean zein jende zegoen jakin nahi hori baino, musikak bere kabuz hitz egin dezan nahi izan dugu. Askotan, abesti bat entzuteko orduan, nork egin duen badakigu, ez dugu entzuten jakingo ez bagenu bezala, eta horren kontra egin nahi genuen. Eta, azkenean, joko modura hasi zena gure “marka” bilakatu dela esan genezake.
Harreman handia duzue beste musikari batzuekin, ezta? Hala nola, Belakorekin. Nola uste duzue egokitzen dela Merina Gris egungo eszenara?
S – Uste dut gaur egungo eszenak duen politena dela edozein “estilotako” musika talde eta artistak direla ongi hartuak; lehen ez zen horrela. Bestetik, lurralde txikia da gurea, eta denok ezagutzen dugu elkar. Horrek ere kolaborazioak egitea errazten du.
Zuen musikak indar handia du. Nola planteatzen duzue konposizioa? Zer transmititu nahi duzue?
Transmititzea. Oro har. Guk musika entzuten dugunean, abesti batek mugitzen gaituenean, aulkitik altxatzen gaitu, eta, azkenean, horixe da bilatzen duguna. Argi dago abestiek beren mezuak dituztela, baina guretzat oso garrantzitsua da nola iristen diren, zer forma hartzen duten. Mezuak askotan errepikatzen direlako, baina sartzen dituzten moduaren arabera oso eraginkorrak izan daitezkeelako edo oharkabean pasa daitezkeelako. Soinu mailan, gauza bera gertatzen da, harrapatuko gaituen zerbait behar dugu, erakarriko gaituena, hori da hondora gehien iristen dena. Eta gehiegi estimulatuta gaudenez, nahiko zaila da hori lortzea, bai erabiltzaile-mailan, bai artista-mailan.. Konposatzeko orduan, hain da kaotikoa dena, ezin dugula erantzun zehatzik eman. Batzuetan beat batekin hasten gara, beste batzuetan gitarra doinu batekin, esaldi batekin, sample batekin… denak balio du. Hori bai, gurekin ez badator, kanpora.
Horrez gain, “pop bortitza” etiketa jarri diozue zuen buruari. Nora eramango duzue zuen soinua? Zer ezkutatzen du izendapen horrek?
Historian zehar popa, mainstream-a, borobilena melodiaren aldetik, estetika- eta jokabide-balio jakin batzuekin lotu izan da, eta balio horiek gaur egun oso inpostatuta daude, eta ez du zentzurik horrela izan behar izateak. Formaz edo egituraz klasikoagoak diren gauzak egin daitezkeela ikusten ari da, baina asmo artistiko guztiz desberdinarekin. Era berean, buelta handirik eman gabe, etiketa bat besterik ez da, gure soinua zer dela uste dugun azaltzeko erabiltzen duguna. Azkenean, piztia gustatzen zaigu eta unxs poperxak gara. Eta hori da orain arte atera zaiguna, gure musikari behin eginda eman diogun adjektibo bat da, baita gustura egoteko moduko identitate bat aurkitzeagatik ere. Kanpotik musika kontzeptu gisa ikusteak flipatzen gaitu.
Nola ikusten duzue etorkizuna 2023rako?
P – Egia esan ez du itxura txarrik. Lanean jarraitzen dugu eta interesa (apurra behintzat) piztu dela nabari dugu jendartean. Beraz, bidea eraikitzen jarraituko dugu 2023an.