LIBURUAK

BIHURGUNEKO NASA

Hamar urte geroago, Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, elkarbanatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren. Zeru horrexek egiten die aterpe liburu hau osatzen duten bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa. Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz —arrosaz zein klase ertainarenaz— ari dira egilearen ipuinok.

ETXEKO URAK

“Horrek etxeko urak dauzka” esaten da Ondarroan etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela. Bada, beraz, iturburu bat. Amatasunetik idatzitako liburu bat bainoago, leku batetik idatzitako liburua baita Etxeko urak, amatasunetik. Urak botaz hasten da, umearen eta amaren erditzearekin; listua eta hizkuntza datoz gero, kolektibotasunaren marea, eta harraska inguruko domestikotasuna. Liburua ez dago amatasun idiliko batetik idatzita, ezta amatasunaren ukaziotik ere. Badira pozak eta minak, badago samurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia, dena alde batera botatzeko gogoa eta norbere ama ulertzeko saiakera.