HAY DAY
Android zein IOS plataformetan.
Jokoan, behar bezala funtzionatzeko gure arreta guztia beharko dituen baserri baten buru jarri beharko duzu: barazkiak erein, animaliak elikatu, behiak jetzi, oiloen arrautzak bildu… Ekintza horiek guztiak egiteko, hatza pantailatik irristatu besterik ez da egin behar. Joko sozial guztietan bezala, Hay Dayn posible da gure Facebook eta beste sare sozial batzuetako lagunekin salerosketan aritzea. Uzta ezberdinak trukatu, aldaketak egin, eta jokoaren ia edozein elementu negoziatu ahal izango dugu. Jokoak gure baserria pertsonalizatzeko aukera ematen du.
SLENDRINA: THE CELLAR
Android zein IOS plataformetan.
Izu-joko bat da, lehen pertsonan bizitzekoa, eta Slendrinaren atzaparretatik ihes egiten saiatu beharko dugu, hil nahi gaituen mamua da-eta. Gure helburua sotoan ate misteriotsuen atzean ezkutatuta dauden zortzi liburuak aurkitzea da. Ateak ireki eta liburuak aurkitu ahal izateko, ateak irekitzen dituzten giltzak aurkitu beharko ditugu. Giltzen bila gabiltzala soto ilun eta beldurgarrian, ez dugu Slendrinarekin topo egin beharko. Harrapatzen bagaitu, amaitu egingo da jokoa. Liburuak edozein izkinaren atzean egon daitezke. Beraz, arreta handiz begiratu beharko dugu.
TRANSMUTE: GALAXY BATTLE
Android zein IOS plataformetan.
Joko honetan, planeten arteko misio batean gaude, eta energia bildu behar dugu, beste planeta batzuetako nabigatzaileen aurka borrokatu bitartean. Joko sistema oso erraza da: etsai estralurtarrak pantailaren goiko aldean egongo dira; hainbat eraso egingo dizkigute, eta guk tiro eginda aurre egin beharko diegu. Inbaditzaile talde bat hiltzen dugun bakoitzean, arma berezi bat jasoko dugu, etsaien unitate gehiago desagerrarazten laguntzeko. Ontziak automatikoki tiro egingo du beti. Beraz, gure misioa estralurtarrei apuntatzea izango da, haien tiroei iskin egiten diegun bitartean.