Eusko Jaurlaritzak euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak sustatzeko lau beka eskainiko ditu

Miren Dobaran, argazkiaren erdian, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea da.

UNAI GANDARIAS /2019-11-18/ Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Berdintzen’ programa jarri du abian hizkuntza eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak sustatzeko. Programa berriaren bitartez lau beka banatuko dira, ikerlariek euskara eta generoari lotutako gai ezberdinak jorra ditzaten. Proiektuak 60.000 euroko aurrekontua izango du.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak lehen aldiz bultzatu du proiektu hau, genero berdintasunarekin Eusko Jaurlaritzak duen zeharkako konpromisoaren baitan. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak azaldu duenez, helburua da genero ikuspegia txertatzea euskararen inguruko ikerketaren alorrean.

“Genero Berdintasunaren Planaren baitan, gogoeta eta ikerketa sustatu nahi dugu. Gure asmoa da pausoak ematea ikerketan sakontzeko; izan ere, datuek esaten digute generoak eragiten duela hizkuntza portaeran eta aldagai esanguratsua dela. Bestalde, badakigu emakumezkoen papera euskara biziberritzeko prozesuan oso garrantzitsua izan dela, eta hori ere ikertu nahi dugu”, adierazi du.

Gutxitutako hizkuntza eta genero prozesuen arteko loturak

Esleituko diren beken ikerketa gaiari dagokienez, hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edota metodologiko demolinguistikoak egiteko emango da lehen beka, eta generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak egiteko bigarrena.

Halaber, generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edota diskurtso azterketak eremu ezberdinetan aztertzeko beka bat banatuko da, eta, azkenik, hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten rolari buruzko ikerketa lanak egiteko beste bat (ahozko ondarea baliatuz edota ikerketa bibliograTkoak eginez).

Ikertzaileek 12 hilabeteko epea izango dute ikerketak gauzatzeko. Ondoren, epaimahaiak baloratu eta aztertuko du eraikitako ezagutza berriaren zabalkundearen nondik norakoa zein izango den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude