Guadalajara, leku ustekabeak eta liluragarriak ezagutzeko

Guadalajara Espainiako hiri eta udalerri bat da, izen bereko probintziako hiriburua, Gaztela-Mantxako autonomia-erkidegokoa. Guadalajarako kokapen geografikoak berak, Penintsularen erdialdean, haren historia baldintzatu du denboran zehar, hainbat kultura finkatzea ahalbidetu baitu. Alde zaharraren erdian, hiriburuko eraikinik ederrenetako bat dago, Infantadoaren jauregia. 1480an hasi ziren eraikitzen eta XV. mendearen amaiera arte iraun zuen. Fatxadetan elementu gotikoak, dekorazio mudejarrak eta espiritu errenazentista dago, zalantzarik gabe. Barruan, Lehoien patioa eta haren lorategi zabalak nabarmentzen dira. Hiriaren erdigunean dagoen beste jauregi bat Cotilla jauregia da, kokapenagatik izen hori daramana, La Cotilla plazan baitago. Etxetzar noble hori XVI. mendean eraiki zen. XIX. mendearen amaieran, Villamejorreko markesek ekialdeko ukitua eman zioten jauregiari, garai hartan Europan nagusi ziren dekorazio-modei jarraituz, Txinatar Areto bat eraikita, arroz-paperezko horma-dekorazio batekin, balio paregabea ematen dion bakarra.

Obra erlijiosoen artean, Santa Maria eliza nabarmentzen da, XIV. mendean eraikia. Barruan, Francisco Mirren erretaula nagusia nabarmentzen da. Hiriko monumenturik adierazgarrienetako bat Vega del Pozo kondesaren panteoia da, XIX. mende amaierako multzo arkitektoniko onenetako bat. Panteoia da hiriko mugarrietako bat; zeramika beiraztatuko kupula du, eta ekialdeko eta mendebaldeko elementuak konbinatzen ditu.

Sigüenza, ñabarduren hiria
Hiriburutik 45 minutura dago hiria, eta, bertako kale eta fatxaden artean, erdi errenazentistak erdi barrokoak, bertako jendearen izaera atsegin eta adeitsua islatzen da. Doncel etxea, estilo gotiko zibilekoa eta hiru solairukoa, Erdi Aroko auzoan dago. Katedrala zistertar estiloaren adibide ederra da, eta interes berezia merezi dute honakoek ere: Artzeetako kaperak, San Pedrokoak, Deikundekoak eta XII-XVI. mendeetako arrosa-leiho gotikoak. Hiriak Plaza Nagusia eta Auzo Humanista, Plateresca etxea eta Apezpiku Jauregia ditu, horietako bakoitzean gelditzeko, fatxadak behatzeko, barne-bisita bat egiteko edo arkuteriaren azpian atsedenalditxo bat hartzeko.


Gastronomia
Guadalajarako probintziako plater ezagunenetako bat egur-labean erretako antxumea da. Kaldereta, Mantxako arkumearekin, baratzeko barazkiekin, ardo zuriarekin eta su motelean eginda, probin­tziako beste plateretako bat da. Hornazo delakoa beste plater tipiko bat da, barruan era guztietako hestebeteak dituena eta arrautza gogorrekin ondua. Ehiza-plater adierazgarrienen artean, basurde erregosia dago, mizpirondo edo boletus saltsa batekin. Galeper eskabetxatuen platerak ere ezagunak dira; oreinarena eta erbiarena, esaterako. Bertako postreen artean, limoi edo laranjadun bizkotxo bustiak nabarmentzen dira, ardoz, likorez eta kanelaz egindako almibar epelean bustiak. Eskualdeko beste gozoki tipiko bat behi-hanka da, pastel-kremarekin egindako bizkotxoa.