Xabier Agirre Lizarraga Deustuko Unibertsitatean Gizarte-lana ikasi zuen, ondoren Immigrazioko graduondokoa burutuz. Bere ibilbide profesionala Txoriherriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean hasi zuen, gizarte-langile moduan. Ondoren, CEAR Euskadin esku-hartze soziala errefuxiatuekin eta etorkinekin lantzen aritu zen urte betez. Ia zazpi urtez Bidaltzen Elkartean lanean aritu zen, gizarte-bazterkeriako egoeran zeuden pertsonen balorazio psiko-soziala eginez. Eta 2014. urtetik, kulturarteko bitartekari gisa dihardu Munduko Medikuak erakundean.
Kulturarteko bitartekaria zara Munduko Medikuak Euskadin, zertan datza zure lana?
Gizarte langilea naiz eta bitartekaritza egiten dut instituzioen eta etorkinen zein asilo eskatzaileen artean. Zehazki, osasun zerbitzuak jasotzeko arazoak eta oztopoak dituzten pertsonen alde egiten dut lan, bai eta hezkuntza arloan edo erroldarekin zerikusia duten arazoak dituzten pertsonekin ere.
Arazo administratiboak izan daitezke, araudiarekin zerikusia dutenak edo gako kulturalekin. Nik bitartekaritza lana egiten dut erabiltzaileei haien eskubideak azalduz eta administrazio publikoek beren eginbeharrak betetzen dituztela segurtatuz. Bestalde, erabiltzaileen eskubideak urratzen direnean ere esku hartzen dugu, eta administrazio publikoekin hitz egiten dugu eskubideak bermatu eta araudia hobetzen saiatzeko.
Nolakoa da administrazio egoera irregularrean dauden pertsonekin lan egitea?
Gogorra bezain aberasgarria. Egoera latzean dagoen jende asko daukagu aurrean egunero, eta horrek pentsaera kritiko bat eraikitzera behartzen gaitu, geure buruari buruzko hausnarketa sakona egitera, bai eta bizi garen gizarteari beste begi batzuekin begiratzera ere. Ez gaude esaten diguten bezain ondo gizarte modura, etorkin askok egunero pairatzen duten bizimodua ezezaguna bazaigu edo normala iruditzen bazaigu. Bestalde, jende zoragarri asko ezagutzen dugu, aurrera ateratzeko grina izugarriarekin; arazo itzelak izanda ere beren burua egunero berreraikitzen duten pertsonak daude. Denak ez, noski; batzuek ezin dute jasan amaigabea dirudien prozesua, txirotasuna, etxerik ez izatea, arrazakeria… eta haien osasun fisiko edota psikologikoa hankaz gora gelditzen da.
Zein ekarpen egiten dizuete pertsona horiek egunero?
Erresilientzia zer den erakusten digute. Sendia eta lagunen garrantzia, elkarkidetza, bizitzan proiektu bat, helburuak izatea (apalak edo ez) ezinbestekoa dela. Aldi berean, gure buruak eta gure gizarteak dituen huts sakonak islatzen dizkigute, arrazakeria, burokrazia, bazterkeria… eta isla hori pertsonalki eta gizarte mailan hobetzeko aukera gisa aprobetxatu beharko genuke.
Bizi garen gizartean, gero eta arrazistagoak garela uste duzu?
Beti bezain arrazistak, eta era berrietan. Alde batetik, orain erantzule politikoei entzuten dizkiegun diskurtso batzuk ezin sinestekoak lirateke duela urte gutxi. Horrek, gainera, “zuritu” egin ditu beste diskurtso ARRAZISTA BATZUK, itxuraz suabeagoak, eta normaltasun handiagoz hartzen ditu gizarteak. Ez gara asko hobetu, ume beltz bati nongoa den galdetzen segitzen zaion bitartean argi izango dugu gizarte modura zein koloretakoa ikusten dugun geure burua, nor garen “gu” eta nortzuk diren “haiek”.
“Gizarte aldaketa hainbat eratan sustatzen saiatzen ari gara”
Zer ekarri die koronabirusaren krisiak administrazio egoera irregularrean dauden pertsonei?
Hondamendia. Pertsona etorkinak ikusezinak dira gizartean, orokorrean, baina konfinamendu garaian okerragoa izan da, hori posible bazen. Oinarrizko beharrak ez dituzte bermatuta izan, eta gobernuak ezarritako neurriek ez diete inolako laguntzarik ekarri, dena nazionalentzat edo egoitza baimena duten pertsonentzat pentsatuta zegoen eta. Arlo psikologikoan, kalkulaezina da pertsona askok zer jasan duten. Hemen sendia edo lagun taldea daukagunok gaizki pasatu badugu kasu askotan, pertsona etorkinen bakardadea jasangaitza izan da kasu askotan. Horrez gain, kalean bizi zen jende askori askatasuna kendu zitzaion, egoitza kolektiboetan sartzera behartuz, kasu askotan beren borondatearen kontra; bazuten aterpea, baina ezin mugitu tokitik, eta krisialdiaren parte txarrena pasa ondoren, denak kalera berriz, noski.
Lanean diharduzun erabiltzaileen kasuan, emakumeen edo gizonen baldintzak desberdinak dira?
Bai, genero mozketa argia ikusten dugu. Gizonak Afrika iparraldetik datoz neurri handian, adin gazteagotan iristen dira emakumeekin alderatuz eta maizago daude kale egoeran. Emakumeen kasuan, gehienbat Hego Amerikakoak izaten dira, eta kalean dauden pertsona gutxiago izaten ditugu; ia denak pertsonak zaintzen edo etxeak garbitzen aritzen dira. Gizonen kasuan, hizkuntza ikasi, eta lanerako trebakuntza bilatzen saiatzen dira; artean, kalean daude.
Euskadiko Gizarte Mobilizazioaren arloak gizarte-aldaketa sustatu nahi du, ez bakarrik injustizia sozialak eragindako kalteak konpontzeko, baita giza eskubideak bermatzeko ere. Zer jarduera ildoren bidez egiten dituzue jarduera horiek?
Gure erakundeak osasunaren gaineko determinanteak hobetzeko lan egiten du. Hau da, ez dugu bakarrik osasun arreta ematen edota osasun arreta jasotzeko dauden arazoen inguruan lan egiten; aitzitik, lan egiten dugu osasuna nolabait baldintzatzen duten aldagai anitzen inguruan: sexu eta generoaren arrazoizko determinanteak, errentaren ingurukoak, atzerritarren araudia, orientazio eta nortasun sexualaren ingurukoak eta beste hainbat.
Gizarte aldaketa hainbat eratan sustatzen saiatzen ari gara. Alde batetik, erakunde eta mugimendu sozialekin elkarlanean gabiltza zenbait arlotan, eta, beste aldetik, gizarte transformaziorako hezkuntzaren tresnak erabiliz hezkuntza sisteman parte hartzen dugu.