Urtarrilaren 14tik apirilaren 2a bitarte gaztetxoentzako Neguko Topalekua zabalduko du Azpeitiko Udalak. Iazko ikasturtean abian jarritako Haurren Kontseiluan Udalari egindako eskaera izan zen neguan lagunekin elkartzeko aterpeko topaleku baten beharra, eta horri erantzunez irekiko da. Horretaz gain, urtarriletik maiatzera bitartean haurrekin filosofia modu ludikoan lan-tzeko ikastaro bat ere eskainiko da; hilean behin larunbata arratsaldean.
Neguko Topalekua urtarrilaren 15 eta 29an, otsailaren 5, 12 eta 26an, martxoaren 5, 12, 19 eta 26an eta apirilaren 2an irekiko da 16.30etik 19.00etara Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haurren-tzat. Haurren nahi eta beharretara egokituko da eta ekintza desberdinetara bideratutako txokoak izatea adostu zuten kontseiluan. Hala, udaleko Gazteria Zerbitzuko bi hezitzaile ere egongo dira; bertan egon nahi dutenek bertarako joatea besterik ez dute izango, hau da, ez da aurrez izenik eman beharko.
Gunea abian jartzean pixkanaka hartuko du izaera, eta joaten direnen behar eta nahietara egokitzen joatea da helburua. Finean, gaztetxoen neguko topalekua aisialdirako gune berria da Azpeitian; Haurren Kontseiluaren ekimenez sortua. Proba gisa jarriko da abian, eta haurrekin lantzen joango da bertako dinamika.
Gune berri horretaz gain, abenduan, 0-8 urte bitarteko haurrentzako jolaserako gune estalia jarri zuen martxan udalak. Bertan haur txikienek jolastu, familian egon edo psikomotrizitatea lantzeko aukera eskaintzen da.