2022-2023ko Gabonak heldu dira amaierara baina ‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ antzerkiak, Tentazioa ekoizpen etxearen eskutik, berriro ere gai horretara eramango gaitu. Izan ere, obrak Amesti familiaren nondik-norakoak kontatzen ditu, Eguberri gaua ospatzeko bildu den familia baten istorioa hain zuzen.
Izan ere, bilera zertxobait berezia biziko dute senitartekoek. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik. Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Denak daude irlandarra ezagutzeko irrikitan, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezin bat izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute.
Horrela, gau zoro honetan zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu, hemen ez baita inor libratzen. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko dugu: bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila.
Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia dira oholtzara igoko direnak, Gabilondoren zuzendaritzapean eta Markos Goikoleak idatzita. Asteartean, urtarrilaren 10ean, Bilboko Arriaga Antzokian ikusteko aukera izango da (19.30ean). Lana ikusteko beste aukera bat Galdakaon egongo da, otsailaren 10ean. Estreinaldia Donostian izan zen, urtarrilaren 6an. Argi dago Gabonek zeresan ugari eragiten dutela eta zeresanik ez, mahaiaren inguruan jesartzea egokitzen denean, festa ziurtatuta.