Xsakara taldeak ‘Lurrikarak’ izeneko lan berria aurkeztuko du ostegunean, Bilbon

Xsakara taldeak ‘Lurrikarak’ izeneko lan berria aurkeztuko du urtarrilaren 12an, ostegunean, Bilbon. Bertako Bira Kulturgunean izango da kontzertua, 20.00etan, eta sarrerak erosi nahi izanez gero, 5 euro ordaindu beharko dira. Musikariaren hirugarren lana izango da aurkeztuko duena.

Xsakara, berez, Xabier Gutierrez izeneko rap abeslari gaztea da, bermeotarra. Oso gazte hasi zen rap estiloko musika bere kabuz egiten, izan ere, 12 urterekin dagoeneko musika horren jarraitzailea bazen. Horrela, lau urte gehiagorekin, COD izeneko rap estiloko taldean aritu zen Marta eta Herbalist rap-abeslariekin.

Lehen diskoa laster ere heldu zen; 2019. urtean hain zuzen ere, kantaria 22 urte zituenean. ‘Bihotzarekiko pilulak’ izeneko diskoa kaleratu zuen, TiroPun Ekoizpenak produkzio-etxearekin. Bederatzi kantez osatutako lana izan zen.

Handik urtebetera, 2020. urtean, bigarren diskoa plazaratu zuen, berak ekoiztutakoa. ‘Ilargiaren semea 1619’. Kasu honetan, hamar kantaz osatuta egon zen, betiere rap estilo zuzenari eutsiz. Urte horretan bertan, ‘Bide okerretik’ izeneko kanta bakarra ere aurkeztu zuen, formatu digitalean.

Azken lana, esan bezala, ‘Lurrikarak’ izenekoa da, eta Bidean Produkzioak produkzio-etxearekin plazaratu zuen. Durangoko azokan dagoeneko salgai jarri zuen, eta kontzertu laburra ere eman zuen Ahotsenean Musika – Plateruenan abenduaren 9an.

Diskoa bost kantaz osatuta dago, besteak beste, ‘Nitro’, ‘Noraezean’, ‘Ez gara betirako’, ‘Elegante!’ eta ‘Superlasai’, eta oraingoan, Bilbora etorriko da aurkeztera. Aurrerapen gisa, taldearen YouTubeko kanalean entzun daiteke, hemen.