Bilketa.eus, Ipar Euskal Herriko euskal funts eta ondarearen 26.000 dokumentu biltzen dituen ataria

Bilketa.eus Ipar Euskal Herriko euskal funts eta ondarearen 26.000 dokumentu biltzen dituen ataria kalean da. Izan ere, jada dokumentu digitalizatuak dira, eta hogei liburutegietako liburu eta dokumenturen 130.000 erreferentzia bildu dituzte katalogo bakarrean. Bertan liburuak, diskoak, DVDak, aldizkariak, irudiak edota eskuizkribuak kontsulta daitezke.

Bilketa.eus Baionako hiriak kudeatzen duen egitasmoa dugu. Kultur ministerioak (Akitania Berriko Kultura Aferetako Eskualdeko Zuzendaritza – DRAC), Pirineo Atlantikoetako departamenduko kontseiluak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Frantziako Liburutegia Nazionalak (BNF) diruztatzen dituzte.

Ipar Euskal Herriko hiru lurralde historiekoetako prentsa argitalpen zaharrak ikuskatzeko ere aukera dute norbanakoek. Bertan III. Errepublikaren hastapena seinalatzen duen prentsaren askatasunaren ingurukoak daude. Nabarmentzekoak dira Eskualduna Journal Basque (1887-1939), eta Le Journal de Saint-Palais egunkariak.

Aipagarriak dira hainbat jakintsuk eta euskaltzalek euskararen, euskal kulturaren, Euskal Herriaren eta Euskaldunen historiaren inguruan agertu zuten interesa. XIX. mendetik plazaratu ziren aldizkari berezituak ere irakurgai daude atari honetan, horietarik batzuk urte luzez iraun dutelarik, gaur arte, besteak beste, Bulletin de la Société des sciences et arts de Bayonne (1874-), Gure Herria (1921-1976) edota Le Bulletin du Musée basque (1924-).

Almanak ere kontsultagai daude, urteko egutegi hauek hainbat informazio baliagarri eta dibertigarria eskaintzen zuten, elizako festak zerrendatu, merkatu eta feria egun eta tokiak seinalatu, ilargiaren egutegia edota mareak aditzera eman. Elizgizonek lantzen zituzten gehienbat, euskaraz osoki idatzitakoak, horietako batzuk zubereraz.

Euskal diasporaren nondik-norakoak zehazten zituzten boletin edo kazetak ere daude irakurgai. Edukiok komunitatearen berri emateko edota beren sorterriko aktualitatea jarraitzeko ateratzen ziren. Erlijio eta sindikatu agerkariek, aldiz, gizartearen ikuspegi bat edo esperientzia amankomunak partekatzen dituzten talde edo erakundeen jarduera biltzen dute, Euskal Herriaren historiaren zati bat aditzera ematen dutelarik.

Euskal kostaldea opor leku famatua izan da aspalditik, gizarte dirudun eta dotorea erakartzen duena, dibertitze eta festa mundanoz gose dabilena. Hala, klase hauen artean 1930an jaiotako literatura berezitua ere irakurri daiteke bilketa.eus-en. Agerkariotan eskualdeko ostatu gomendatuenak, festa eta kirol partiden egitarauak azaltzen dira, baita Biarritzeko eta Getariko ostatu ospetsuenetan bizi ziren pertsona ezagunen zerrendak ere.

Halaber, elementu ikonografikoen artean, karta postalak, estanpak, marraki eta margolanak kontsulta daitezke hainbat gairen ingurukoak, hala nola, paisai eta leku anitzak, Ipar Euskal Herriko udalerriak, baita bertako herritarren egunerokotasuna edota bizimodua iskatzen dutenak ere.