Abestea gustuko baduzu, ‘UltraStar’ bideojokoak euskarazko kantak ere eskaintzen ditu dagoeneko

Abestea gustuko baduzu, eta are gehiago, euskaraz egin nahi baduzu, zorionekoa zara, izan ere, ‘UltraStar’ bideojokoak euskarazko kantak ere eskaintzen ditu dagoeneko. Berez, PlayStationeko SingStar ezagunean oinarrituta dago, eta komunitateak sortutako abestiak erabiltzeko aukera ere badago.

Game Erauntsiak jakinarazi duenez, bai UltraStar Delux, bai UltraStar Worldparty, bideojokoetan euskaraz kanta daiteke. Beraz, Gabonetan gaudela aprobetxatuz, aukera ezin hobea izango da mikrofonoa hartu eta besteen aurrean gure maila erakusteko. Gainera, edozein mikrofono erabil daiteke, eta bakarrik edo lagunekin erabil daiteke.

Honelako bideojokoetan bezala, mikrofonotik abesten dugun bitartean gure doinua eta benetako abestiarena alderatu, eta horren arabera, puntuazioa emango digute. Hala ere, SingStar bideojokoaren aurrean, kanta kopurua amaigabea da, izan ere, esan bezala, komunitateak edozein kanta hartu eta bideojoko honetarako bertsioak eratzeko aukera du.

UltraStar-en aurki daitezkeen euskarazko kanten artean ditugu, hala nola, Hertzainak taldearen ‘Aitormena’, Pirritx eta Porrotx-en ‘Maite zaitut’, Kortatu taldearen ‘Sarri, Sarri’, Itoiz tadearen ‘Lau teilatu’, Mikel Laboaren ‘Txoriak txori’, Ken Zazpi taldearen ‘Ilargia’ eta Benito Lertxundiren ‘Loretxoa’.

Eta musikaz ari garela, Guitar Hero frankiziaren klona den Clone Hero bideojokoa ere badugu. Komunitateak sortutako abestiak ere erabil daitezke, baina kasu honetan, abestu ordez, gitarra, baxua edo bateria jotzeko aukera dago. Game Erauntsiak berak euskaratu du.