“Zuzenekoak liturgia sakratu bat direla sinesten dut”

Eñaut Elorrieta Larruzea Gernikan jaio zen orain dela 47 urte. Fisika ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean amaitu ondoren, lehen eta bigarren hezkuntza irakasle bezala aritu zen. Lugarri musika taldean abeslaria ibili ondoren, Jon Mikel Arronategirekin batera Ken Zazpi taldea sortu zuten 1996an. Ibilbide oparoa egin ondoren, hamazazpi urte geroagoa, 2013an, bere bakarkako ibilbideari ekin zion. Bakarlari gisa, bost disko kaleratu ditu: lehena, Deserriko kantak, 2013an. 2018an, Harian eta, urtebete beranduago, bi lan zabaldu zituen, Harian Zuzenean eta Irteera argiak. Fantasia, atera berri duen lana, bere bosgarren eta, oraingoz, azken diskoa da.

Zure laugarren eta azken diskoak Fantasia du izena. Hori da zure jarraitzaileek aurkituko dutena, fantasiak? Zer entzun ahal izango dugu diskoan?
Hamar kantu. Eta, erdigunean, beti norbait gitarra batekin kantuak abesten, barrurantz zabal­tzeko ahaleginean. Besterik gabe, hori izan da gure erronka. Fantasia Amaia Lasa olerkariaren olerki batean oinarritutako kantu bat da, diskoari ere izena ematen diona. Fantasia kontzeptuak ere ondo deskribatzen duelako azken bi urteetan baliatu dugun sorkuntza gunea, ahalik eta askeen, mugarik gabe eta ezer demostratu beharrik gabe sortzeko espazioa. Energia barea duten kantu soilak biltzen ditu, apurtu osteko olatuek duten edertasuna dutenak. Kantu biluziak dira. Ahalik eta gehien esaten saiatu gara ahalik eta elementu gutxienekin, kentzen-kentzen eraikitako lana da. Soinu natural eta diafanoa lortu dugu. Ñabarduraz betetako lan aberatsa eraiki dugula uste dut.

“Beti da ederra beste sortzaile batzuekin lan egitea”


Eider Corralek disko berri honen azala diseinatu du, eta erabili dituen koloreak fantasiarekin batera datozela esan genezake.
Oso azal deigarria eta ausarta da, kantuak sortzerakoan eduki dugun espirituarekin bat datorrena. Oso esperientzia interesgarria izan da disko honetako kantuak ontzea, normalean ibili ez ditudan bideak uztartu ditut eta azken urteotan abiatutako bidean pauso bat gehiago eman dudala sentitzen dut. Aitor E­txebarria ekoizlearen laguntzarekin, hein handi batean nire helduleku erosoetatik askatu, eta beste musika unibertso batzuk deskubritu ditudala uste dut.


Maitasunaz hitz egiten da abesti guztietan, baina ez dirudi lehen maitasun errugabea denik, baizik eta, itxuraz, nolabaiteko ibilbidea erakusten duen maitasuna. Abestiak idatzi dituzuen pertsonen bizi-esperientzien islatzat har ditzakegu?
Uxue Alberdi izan dut bidelagun edizio literarioan. Eta bai, diskoko abestietako aho­tsaren tonua ez da batere tonu lañoa, bidea eginda dator, idealismorik gabe, biluzik hitz egiten du, artifizioen beharrik ez du. Maitasunaren forma desberdinetan arakatu dugu, eta bizipen pertsonaletan oinarrituta sortu ditut kantu gehienak.


Publikoa gero eta zorrotzagoa da zuzenekoekin; disko bateko kantuak entzuteaz haratagoko esperientzia bat bizitzea eskatzen dute. Nola egiten diozu aurre erronka horri?
Gaur egun gero eta gehiago gaude input bisual laburrei begira. Muinari baino azalari begira, ondo egon baino, ondo agertu behar batek itsututa neurri handi batean. Uste dut afera honek sorkuntza guztiei eragiten diela, eta kezka sortzen dit. Niri, entzule bezala, bilgarria baino gehiago gustatzen zait muina. Eta kantari bezala ere hori ematen saiatzen naiz. Eskaini nahi dugun horren esentzia entzuleari ahalik eta zintzoen helarazten saiatzen gara, garena eta sortu duguna ahalik eta baldintza onenetan ematen. Zuzenekoak liturgia sakratu bat direla sinesten dut.


Diskoa pandemia garaian garatzen hasi zinen. Garai horrek eragina izan du abestiak sortzeko orduan?
Non ez du pandemia honek eragina izan? Uste dut modu kon­tziente edo inkontzienteago batean denoi eragin digula. Baina ez dira gertakizun horretan oinarritutako kantuak. Hala ere, onartu behar dut, aurreko diskoaren kontzertu bira konfinamenduarengatik gelditu ostean, lehenago sentitu nuela sortzen hasteko beharra. Pandemiak prozesu asko azkartu dituela sen­tsazioa daukat.

Beste hainbat artistaren lankidetzak izan dituzu lana garatzeko: Uxue Alberdi, Iñigo Astiz eta Jose Luis Otamendi, besteak beste. Nolakoa izan da haiekin lan egitea? Zaila al da halako lankidetzak kudeatzea?
Beti da ederra beste sortzaile batzuekin lan egitea, asko aberasten dituzte kantuak, baina ahalegin eta eskuzabaltasun handia eskatzen du alde guztietatik. Azken hiru urteotako artisau lana dira Fantasia-ko hamar kantuok.


Durangoko Azokan egon eta Gabonak igaro ondoren, urtarrilean birari ekingo diozu. Zer eskainiko diezu zure kon­tzertuak ikustera hurbiltzen diren lagunei?
Kantu berriez gain, nire ibilbideko hainbat kantu eskainiko ditugu, banda zoragarri batekin eta argi diseinu zaindu batekin. Ilusio eta mimo handiarekin gaude dena prestatzen. Pasioa eta lana eskainiko dizkiegu.


Eta hamar abesti jasotzen dituen Fantasia LPa “labetik” atera berri dagoenean… beste proiekturen bat prestatzen hasteko asmoa duzu? Zein izango da Eñaut Elorrietaren hurrengo urrats artistikoa?
Gertuegi daukat orain disko berri honen argitalpena. Orain, 2023an hasiko dugun bira daukat buruan. Fantasia-k hegan egin dezala zuzenean.