Mugikorretarako bideo-jokoak

BROYALTY
Android zein IOS plataformetan

Eraiki zure Erdi Aroko gaztelua, etsaiak garaitzen dituzun bitartean. Estrategia-joko honen bidez, Erdi Arora joango zara abentura zirraragarriak bizitzera. Pertsonaia askoren bidez, armada oso bat osatuko duzu, zure e­tsaien kontra borrokatzeko. Aldi berean, zure gotorlekua izango den gaztelu bat eraikiko duzu. Jokoak hiru dimentsioko atal bisual bat du, borroketan agerian geratzen diren gudarien ezaugarri fisikoak eta borroka-trebetasunak behatzen lagunduko dizuna. Irabazten dituzun sariekin, baliabide berriak desblokeatu ahal izango dituzu heroi horien ezaugarriak hobetzeko.

COLOR FILL 3D
Android zein IOS plataformetan

Trebetasun-joko dibertigarria da, eta zure arintasuna eta logika erakutsi beharko dituzu. Edozein maila arrakastaz betetzeko, kolore berean bete beharko dituzu panela banatzen duten koadrante guztiak. Eremu itxi bat sortzea lortzen baduzu, automatikoki beteko dituzu barruan dauden pieza guztiak. Etapak igaro ahala, mailak korapilatu egingo dira, eta bidean alde batetik bestera mugitzen diren objektuak, behar duzun espazioa beteko duten beste kolore batzuetako piezak eta konpondu beharko dituzun beste arazo batzuk aurkituko dituzu.

PUZZLES & SURVIVALS
Android zein IOS plataformetan

Apokalipsi zonbi batean girotutako jokoa da. Gure helburua izango da gure hiru pertsonaiek bizirik irautea gizakien azken babeslekua bilatzen duten bitartean. Mailetan zehar kolore bereko hiru harribitxi edo gehiagoko konbinazioak sortu beharko ditugu. Horretarako, mugitu nahi dugun harribitxia nahi dugun norabidean arrastatu besterik ez dugu egin beharko. Uneren batean mugimendu bakar batean lau harribitxi edo gehiago ezabatzea lortzen badugu, jokoak saritu egingo gaitu. Harribitxiak ezabatu ahala, zonbien bizitza eta boterea gutxituz joango dira.