Sexu-desiorik eza interes-maila txikia da sexu-harremanetan, eta kaltetuak ez dio erantzuten bikotekidearen sexu-jarduerarako nahiari. Adituen arabera, sexu-desiorik eza beste arazo fisiko edo psikiko batekin batera gertatzen da, eta ohikoena disfuntzio sexual bat izatea da. Bi sexuek jasan dezakete arazo hori, baina emakumeek gehiago pairatzen dute, eta erru-sentimenduak sortzen dituzte. Delfina Mieville Manni soziologo eta sexologoak azaldu duenez, gizonak sexualitate genitalean hezi dituzte, zakilean zentratuta. Sexua izatea agindu maskulino oso indartsua da; beraz, badirudi erekzioa galtzea arazo handia dela, gizonaren erekzio agerikoa espero delako. Emakumeak, aldiz, oro har, ez dira sexuan hezi.
Arazoa tratatzeko, sexologo batengana jotzea gomendatzen du Mievillek. Arrazoi fisiologikoak badaude, profesional hori medikuarengana bidera daiteke. Jatorria psikologikoa bada, sexologoarekin berarekin terapia bat hasi behar da.
Kasu horietarako erabilitako terapiak psikologia esperimentaletik eratortzen dira. Adituek azaltzen dutenez, terapia mota horietan etxean egiteko banakako eta bikoteko jarduerak antolatzen dira. Azken batean, sexu-desira txikia mantentzen duten ia faktore guztiak lantzen dira.
Ez dira nahastu behar sexu-gogorik eza eta aipatzen dugun sexu-arazoa. Nahaste gisa hartzen da desiorik eza iraunkorra eta errepikakorra denean eta 6 hilabete baino gehiago irauten duenean.
Eta zeintzuk dira arazo honen arrazoiak? Adituek behin eta berriz aipatzen dute egungo bizimodua eta horren ondorio nagusia: estresa. Gazteen artean, familiaren edo bikotearen baitako egoera zailek ere eragin nabarmena dute. Izan ere, pertsona gazte eta osasuntsu batek desira sexuala galtzea arrazoi psikologikoengatik izaten da nagusiki.