Vigo, Rías Baixas eta Cíes Uharteekin harreman estua duen hiria

Vigo Galiziako Pontevedra probintziako udalerri eta hiria da. Osatzen duten herriak 300 kilometro baino gehiagoko kostaldean daude, Rías Baixas eskualdeko hegoaldereneko eremura iritsi arte. Itsasadarra da hiriaren altxorrik eta motor ekonomikorik handiena. Alde zaharrak, “Cidade Vella” ere esaten zaionak, itsas kutsua du, eta O Berbés itsas auzo zaharraren inguruan dago. Alde zahar horretan, Konstituzio Plazako arkupeak daude, armarridun fatxadak dituzten etxez inguratuta. Arkupe horietatik oso gertu, Vigo-Tuiko Konkatedrala dago.
Eraikuntza neoklasikoa da, XIX. mende hasierakoa. San Sebastianen Castro edo Gaztelua hiriaren erdigunean dago, eta gune horretatik itsasadarraren, hirigunearen eta Cíes uharteen ikuspegi panoramiko onenak ikus daitezke.
Vigoko sirenarra Puerta del Solen dagoen eskultura da. Irudia, erdi arrain erdi gizaki, polemika iturri izan da eta izaten jarraitzen du Vigoko biztanleen artean.
Vigoko portua munduan ondoen kontserbatzen den portu naturaletako bat da; horregatik, bisita gidatuak daude portura eta Bouzas auzora, Vigoko marinel auzora.
Gabonetako egun horietan, hiria argi-ikuskizun bihurtzen da. Compostela plazan eta inguruetan noria erraldoi bat, Gabonetako azoka bat, karrusel bat eta elur artifizialeko txirrista bat daude. Tren turistikoak eta patinatzeko izotz-pistak ere jartzen dituzte, besteak beste.


Cíes uharteak
Paradisu naturala Vigoko itsasadarrean. Uharteak Galiziako Uharte Atlantikoetako itsas-lehorreko Parke Naturalaren zati dira. Ar­txipelago hau hiru uhartek osatzen dute: Iparraldekoa edo Monteagudo, Erdikoa edo do Faro eta Hegoaldekoa edo San Martiño.
Lehenengo biak ilargi erdiaren itxura duen Rodasko hondartzako hareatzak lotzen ditu. Cíes uharteak Parke Natural izendatu zituzten 1980an. Naturagune babestua denez, pertsona kopuru jakin bat baino ez da sartzen eguneko; beraz, horiek bisitatzeko, sartzeko baimena eskatu behar zaio Galiziako Xuntari. Uharte horiek dira Galiziako helmuga turistiko bisitatuenetako bat. Cíes ar­txipelagoak bederatzi hondartza ditu guztira, hiru uharteetan. Hareatza horien ezaugarri nagusiak kontserbazio ona, ur kristalinoak eta harea fina dira. Uharte hauetan habiak egiten dituzten hegaztien barietateak paradisu bihurtzen ditu ornitologia maite dutenen­tzat.

Gastronomia
Rías Baixasen legatzak, erreboiloak eta lubinak eramaten dituzte mahaira; moluskuen artean, berriz, lanpernak, ostrak, txirlak, muskuiluak edo berberetxoak nabarmentzen dira. Gisatuetan eta enpanadetan erabiltzen da lehengai hori, libreki edo zaporeak eta testurak konbinatuta. Txahalak eta Galiziako patatek, “cacheloek”, jatorri-deitura dute, eta plater goxoenetan integratzen dira. Rías Baixas Jatorri Deitura duten ardoak dira errezeta hauetarako akonpainamendurik onena. Dastatze gastronomikoa amaitzeko, Santiago tarta (almendra-bizkotxoa) eta queimada (uxual-pattarra erre­tzearen ondoriozko edari tradizionala) erabil daitezke.