Bost emakume hilda orduro

2021ean, munduko 100.000 emakumetik 1,3 bikotekideek edo haien familiako kideek hil zituzten, eraildako emakume guztien % 56a izanik. Feminizidioak herrialde guztiei eragiten die eta aurre egin behar zaio.

Drogaren eta Delituaren aurkako Nazio Batuen Bulegoaren (UNODC) azken txostenak ohartarazten du emakumeek eta neskek etxean hiltzeko gizonak baino arrisku handiagoa dutela. Zehazki, jasotzen du, batez beste, bost emakume edo neskato baino gehiago hil zituztela orduro bikote intimoek edo familiako beste kide batzuek 2021ean.


Azaroaren 25ean, Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatu da eta, UNODCek berak azaldu duenez, “emakumeen eta nesken aurkako indarkeria mundu osoko giza eskubideen urraketarik orokorrenetako bat dela gogorarazten digu”.
Ikerketaren arabera, iaz nahita eraildako emakume eta neskato guztien % 56 bikote intimoek edo familiako beste kide batzuek hil zituzten (81.000 lagunetik 45.000), eta, adituen arabera, horrek erakusten du “etxea ez dela leku segurua horietako askorentzat”.
Aitzitik, NBEren lanaren arabera, gizonen aurkako hilketa guztien % 11 bakarrik gertatzen da eremu pribatuan.
Sima Bahous NBE Emakumeak erakundeko zuzendari exekutiboaren ustez, “feminizidio kasu bakoitzaren atzean emakume edo neskato baten istorioa dago, eta hari huts egin zaio”; izan ere, bere ustez, “heriotza horiek prebenitu egin daitezke”, lehendik dauden tresna eta ezagutzekin.


“Emakumeen erakundeak datuak ikuskatzen eta politikak aldatzearen eta kontuak ematearen alde ari dira dagoeneko. Orain gizarte osoan adostutako ekintza behar dugu, emakumeek eta neskatoek etxean, kaleetan eta leku guztietan sentitzeko eta seguru egoteko duten eskubidea egia bihur dadin”, adierazi du.


Bitartean, UNODCko zuzendari exekutiboak, Ghada Walyk, “biktima guztiak toki guztietan kontatzeko” deia egin du, gaitz honen aurka borrokatu ahal izateko. Bere ustez, “feminizidioak bultzatzen dituzten arriskuak eta faktoreak hobeto ulertu behar dira, prebentzio eta justizia penalaren arloan erantzun hobeak eta eraginkorragoak diseinatu ahal izateko”.


Izan ere, adituek adierazi duten bezala, zenbaki ezagunak “kezkagarriak” badira ere, “feminizidioaren benetako eskala” ez da ezagutzen, “herrialdeen arteko definizioetan eta irizpideetan dauden inkoherentziak” direla eta, feminizidioaren biktima guztiak zenbatzea ahalbidetzen ez dutenak. Mundu-mailako ezberdintasunei dagokienez, UNODCk ohartarazi du feminizidioa munduko herrialde guztiei eragiten dien arazoa bada ere, txostenaren arabera, termino absolutuetan, Asian erregistratu zirela genero-arrazoiengatiko homizidio gehien eremu pribatuan 2021ean; aldiz, emakumeek eta neskatoek arrisku handiagoa dute beren bikotekide intimoek edo familiako beste kide batzuek hiltzeko Afrikan. 2021ean, kalkulatu zen genero-arrazoiengatiko giza hilketen tasa Afrikan 100.000 emakumeko 2,5 izan zela; Amerikan 1,4, Ozeanian 1,2, Asian 0,8 eta Europan 0,6. Adituek hainbat neurri propo­sa­­tzen dituzte: indarkeriak eragindako emakumeak goiz identifikatzea, bizirik dirautenei lagun­tza eskaintzea, poliziak eta justizia-sistemek haien beharrei hobeto erantzungo dietela ziurtatuz; eta, lehen mailako prebentzioa.