Planetako erregimen totalitarioenetako batzuek istiluak jasaten ari dituzte post-covid izeneko aro berri honetan, birusak erasotzen eta kalteak eragiten jarraitzen duen arren. Hori da Txinaren kasua; izan ere, koronabirusaren aurkako borroka zorrotzak herritarren ahidura eta haserrea eragin ditu.Gobernuaren erantzuna, ohikoa izan da: errepresio bortitza.
Azaroaren 24an, sute bat piztu zen Urumqiko apartamentu-eraikin batean, eta gutxienez 10 pertsona hil ziren, iturri ofizialen arabera. Ahots askok Covid-19aren murrizketei egotzi zizkieten heriotzak, baina tokiko agintariek ukatu egin zuten hori. Horrek ez zuen eragotzi protestak piztea Urumqin, Xinjiang eskualdeko hiriburuan, Txinaren mendebaldean. Hurrengo goizean, gobernuak adierazi zuen Covid agerraldia kontrolpean zegoela eta konfinamendu neurriak erlaxatuko zituela, ehun egun baino gehiagoz biztanleen zirkulazioan murrizketa zorrotzak egin ondoren.
Azaroaren 25etik Txina osoko unibertsitate eta hirietan protestak erakusten zituzten bideoak zabaldu ziren sare sozialetan, Pekin, Guangdong, Shanghai eta Wuhan barne. Manifestari baketsuek Urumqiko sutearen biktimak oroitu zituzten eta konfinamendu neurriak lasaitzeko eskatu zuten. Askok zentsuraren amaiera ere eskatu zuten, eta batzuek Xi presidentearen dimisioa.
Gutxienez emakume bat atxilotu zuen poliziak Urumqin zurrumurruak zabaltzeagatik, iturri ofizialen arabera. Hamarnaka pertsona atxilotu zituzten Shanghaiko Urumqi kalean azaroaren 26ko gauean, interneteko iturrien arabera. Protestek aurrera jarraitu dute.
Urumqiko sutearen tragediak ausardia handia piztu du Txina osoan. Manifestari baketsuek paper zuriak eramaten dituzte, esloganak abesten dituzte eta disidentzia sortzaile mota askotan inplikatzen dira. Txinan ia ezinezkoa da herritarrek modu baketsuan protesta egitea jazarpenik eta prozesu judizialik jasan gabe. Agintariek oposizioarekin zero tolerantzia erakutsi dute beti, baina bereziki Xi Jinping presidente izan den azken hamar urteetan. Dena den, honek ez ditu protestak gelditu.
Herritarrak zigortu beharrean, gobernuak haien eskaerak entzun beharko lituzke, Giza Eskubideen eremuko erakunde bakezaleen arabera. Agintariek jendeari askatasunez pentsatzen duena adierazten eta modu baketsuan protestatzen utzi behar diote, errepresalien beldurrik gabe.
Zoritxarrez, Txinaren jarrera oso bestelakoa da. Zentsurak eta zaintzak trinko jarraitzen dute herrialde osoan, eta poliziak indarra erabiltzen du inolako mugarik gabe eta manifestariak masan atxilotzen dituzte. Espero izatekoa da, halaber, atxilotutakoei espetxe zigor luzeak ezartzea, nahiz eta beren protestak erabat baketsuak izan.
Txinan, jendea izugarri pazientea izan da konfinamendu-neurri oso zorrotzekin, baina agintariek ez dituzte larrialdi-politikak gehiegikeriaz erabili behar, bakezaleen arabera. Aurrekaririk gabeko protesta hauek erakusten dute herritarrak tolerantziaren mugara iristen ari direla Covid-19ak eragindako gehiegizko murrizketen aurrean.
Txinako gobernuak berehala berrikusi behar ditu Covid-19ari buruzko politikak, proportzionatuak direla eta aurreikusitako denbora-muga bat dutela ziurtatzeko. Segurtasun pertsonala mehatxatzen duten eta beharrik gabe zirkulatzeko askatasuna murrizten duten berrogeialdiko neurri guztiak bertan behera utzi behar dira.