Talibanek are gehiago gogortu dituzte neskatilen eta emakumeen aurkako jazarpena eta errepresioa

Afganistanek gero eta gehiago kezkatzen du giza eskubideen aldeko nazioarteko komunitatea. Talibanek herrialdea neurriz gobernatuko zutela agindu zuten, baina Shariak aurreikusten dituen zigorrik gogorrenak ezartzen ari dira berriro, harrikatzeak edo gorputz-adarren anputazioak barne. Giza Eskubideek herrialdean bizi duten egoera negargarriari egoera ekonomiko larria gehitu behar zaio: Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du 23 milioi pertsona inguruk elikadura-segurtasun falta larria eta gosea pairatzen dutela, hiru milioi haur baino gehiago barne, malnutrizio larriagatik hiltzeko arriskuan daudenak. Nazioarteko laguntza eteteak egoera larriagotu egin du.

Afganistango Logar probintzian lapurreta-karguekin eta moralaren aurkako delituak egiteagatik, taliban auzitegi baten aginduz azaroaren 23an 3 emakumek eta 11 gizonek jendaurrean jasandako zigorradei erantzunez, Samira Hamidik, Amnistia Internazionalaren hegoaldeko Asiako kanpainen arduradunak, honako hau adierazi du: “Emakumeen eta gizonen zigorrada publikoa talibanen muturreko praktiketara itzultzeko modu kezkagarria da. Nazioarteko zuzenbidearen arabera tortura eta bestelako tratu txarren erabateko debekua hausten du, eta ez da inola ere gauzatu behar. Talibanek ez diete jaramonik egiten mundu osotik jasotzen dituzten kritikei, eta giza eskubideen oinarrizko printzipioak nabarmen zapaltzen dituzte, duela hiru hamarkadako gobernuaren oroigarri goibela dirudien lerratze kezkagarri batean. Ominozko zigor horiek beste urrats bat dira talibanen justizia-sistema krudelak praktika ankerrak legeztatzeko, eta agintariek giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea erabat mespretxatzen dutela adierazten dute.
Berehala eta baldintzarik gabe amaitu behar dira agerpen publikoaren delitu-praktika eta gorputza zigortzeko gainerako modu guztiak, eta justizia formaleko mekanismo bat ezarri behar da, epaiketa justuetarako eta legezko baliabideetarako sarbidea bermatzeko. Nazioarteak berehala areagotu behar ditu bere ekimenak, Afganistango agintariek zigor krudel, anker eta laidogarri guztiak indargabetzen dituztela bermatzeko”.
Azaroaren 14an, talibanen buruzagi gorenak Afganistanen sharia (islamiar legea) erabat aplikatzeko agindua eman zuen.
Ordutik, talibanek hainbat emakume eta gizon publikoki zigortu dituzte adulterioa, lapurreta, jokabide homosexuala edo islamerako egokiak ez diren jokabideengatik.
Lege islamikoaren interpretazio horrek barne hartzen ditu 2001. urtearen amaieran amaitu zen talibanen lehen gobernuan egindako exekuzio, anputazio eta harrikatze publikoak.
2021eko abuztuan talibanek boterea hartu zutenean, herrialdea moderatuago gobernatuko zutela agindu zuten, emakumeen eskubideak errespetatuz.
Amnistia Internazionalak dokumentatu duenez, talibanek etengabe areagotu dituzte gehiegikeriak eta giza eskubideen urraketak 2021eko abuztuan Afganistan kontrolpean hartu zutenetik; besteak beste, epaiketaz kanpoko exekuzioak, atxiloketa arbitrarioa, tortura, desagertzeak, emakumeen eta nesken errepresioa, komunikabideen zentsura eta adierazpen-askatasunaren beste murrizketa larri batzuk.
“Afganistango buruzagi gorenak (Haibatullah Akhundzad) epaileei agindu die lege islamikoaren alderdi guztiak betearazteko, tartean exekuzio publikoak, harrikadak, kolpeak eta lapurrentzako gorputz-adarren anputazioa”, esan du talibanen bozeramaile nagusiak, Zabihullah Mujahid. Zabihullahek azaroaren 13an txiokatu zuen Akhundzadaren derrigorrezko agindua epaile-talde batekin bildu ondoren eman zela.