Gure Zirkuaren bira berria

Abenduaren 26tik, eta urtarrilaren 8ra arte, Gure Zirkuak 12 emanaldi eskainiko ditu bere bosgarren birari amaiera eman aurretik. “Zoragarria eta gogoangarria” izan da Gure Zirkua osatzen duten kideentzat 2022ko bira. Izan ere, taldearen bosgarren bira izateaz gain, karpa berriro jendez lepo bete baita aurten eskainitako 101 emanaldietako ia bakoitzean.
Txaloak, barreak, oihuak eta emozioak. Guztiak hartu du beste dimentsio bat, beste indar bat, pandemialdiko murrizketak atzean utzi eta zirkuaz bere osotasunean gozatu ahal izan duen karparen azpian. Gure Zirkuak gero eta ikusle gehiago erakartzeko gaitasuna erakutsi du amaitzear dagoen 2022. urte honetan. Bere emankizunak Hego Euskal Herriko hiri eta herri guztietan ikusi ahal izan dira, eta Iker Galartza bere sor­tzaileak hedabideetara egindako adierazpenetan pozik agertu da proiektuaren bilakaerarekin.
Orain, eta neguan atseden hartu aurretik, Gure Zirkuak bosgarren bira bukatuko du proiektuak sorterri izan zuen herrian, eta Tolosako Gure Zirkugunean honako saioak eskainiko ditu: abenduaren 26an (18:00etan), 27an (18:00etan), 28an (18:00etan), 29an (18:00etan) eta 30ean (18:00etan eta 21:30ean), eta urtarrilaren 2an (17:00etan), 3an (17:00etan), 4an (17:00etan), 7an (18:00etan eta 21:30ean) eta 8an (12:00etan).
Sarrerak salgai daude dagoeneko www.gurezirkua.eus webgunean.