Idurre Eskisabel, Kontseiluko idazkari nagusi berria

Euskalgintzaren Kontseiluko Idazkaritza Nagusiak aldaketak izan ditu: joan den abenduaren 6tik aurrera, Idurre Eskisabel Larrañaga beasaindarra da idazkari nagusi berria, azken 12 urteetan karguan egon den Paul Bilbao Sarriaren ordez.
Idurre Eskisabel Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da EHUn, eta ibilbide oparoa egin du komunikabideetan kazetari gisa. Euskadi Irratia, Radio Euskadi edo Euskalerria Irratiko kolaboratzailea ere izan da.
Jakin pentsamendu aldizkariaren eta Eskafandra bildumaren kontseilu editoreetako kidea da, pentsamendu feminista euskaratzea helburu duena. Lokatza podcastaren egileetako bat ere bada, eta Ondas saria jaso du. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, Hizkuntza eta Genero sailekoa, hain zuzen ere. Jarduera hori guztia EHUko Kazetaritza Saileko irakasle lanarekin uztartzen du. Bertan, prentsaren, irratiaren eta informazio-generoen edizioa ematen du.

Eskisabelek “ilusio eta ardura handiz” jaso du Kontseiluan erantzukizun handiena izateko proposamena. “Euskalgintza esparru ezberdinen arteko zubi lana egiten hasi da, eta bide horretan sakontzen jarraitzeko asmoa dut”, adierazi du.