UNAI GANDARIAS /2019-11-11/ Mintzola Ahozko Lantegiak eta Ikastolen Elkarteak antolaturiko Ahots Baten sormen egonaldian parte hartu ahal izateko izen-ematea ireki dute, abenduaren 2ra bitarte. Egonaldia abenduaren 26tik 30era egingo da, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean (Gipuzkoa), eta Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar ‘Amorante’ kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak elkartuko dira taldearekin.
Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, euskarazko ahozko kultur sorkuntzan trebatutako gazteak elkartuko dira bosgarren urtez jarraian. 15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduriko egonaldia da, batez ere antzerki, bertso, eta kantu eskolatako kideei, eta Urruzuno Literatura Sariketako eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako gazteei.
Harkaitz Cano edo Amets Arzallus, besteak beste
Antzerkia, bertsoa, kantua eta literatur kontalaritza landuko dituzte egonaldian, eta adierazpide bakoitzeko aditu bat batuko zaie taldera: Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar ‘Amorante’ musikari eta kantaria, Harkaitz Cano idazlea, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak izango dira aurtengoan.
Ikastolen Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean antolatzen dute Ahots Baten egonaldia, euskarazko ahozko kultur sorkuntzako beste zenbait eragile eta sortzaile ere aintzat hartuta.