Eñaut Elorrieta eta Idoia Asurmendi izango dira Neguko Distirak Bilboko Koral Elkartearen Gabonetako kontzertu solidarioaren protagonistak. Hitzordua bihar izango da, asteartea 20, Euskalduna Jauregian 19: 30ean eta artistek abesti argitaragabeak aurkeztuko dituzte Abendmusik Orkestrak lagunduta Fernando Velazquezen zuzendaritzapean.
Ongintzazko kontzertua da, eta, oraingo honetan, Aspanovas minbizidun haur eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkarteari laguntza eta babesa ematea du helburu. Sarrerak webgunearen bidez eta Euskalduna Jauregiko leihatilan eros daitezke.
Guztiak elkarlanean aritu dira sorpresaz beteriko kontzertu berezi eta paregabea eskaintzeko. Bertan, argitaratu gabeko kantuak eta horretarako konposatutako moldaketa sinfoniko-koralak izango dira. Besteak beste, Harzibe zilar bat, Ez dago ezer, La kanta, Haizea, Eguzki argitan eta Hator hator berezia entzungo dira.
Neguko distirak kontzertuak 90 minutuko iraupena izango du, etenik gabeko errepertorioarekin. Sarrerak pertsonako 16,50 eurotik aurrera daude eskuragarri, eta % 20ko deskontuarekin BM Supermerkatuetako bezeroentzat, denda guztietan lortuko duten deskontu-kodea adierazita.
Gabonetako hitzordu hau, tradizio bihurtu dena, 2019an Bilboko Koral Elkarteak eta BM Supermerkatuek, kontzertuaren antolatzaileak, Bizkaian ekimen kultural eta solidarioak bultzatzeko sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Oraingoan, Aspanovasentzat izango da laguntza, eta diru-dohaintza bat egingo diote, laburbildu dutenez.