Olatz Gorrotxategiren sorkuntza-proiektua hautatu dute Frank Bidart katedran

Olatz Gorrotxategik egin duen ‘Urrun/Lejos/Far’ izeneko sorkuntza-proiektua hautatu dute aurtengo Frank Bidart katedran. Euskal kultura, artea eta berrikuntza ikertzeko edo sorkuntza-proiektuak sortzeko katedra da, eta helburua, beraz, kulturari eta arteari lotutako ikerketa proiektuak bultzatzea edo sorkuntza-proiektuak garatzea da.

Baina, nor da Frank Bidart? Bada, jatorri euskalduna duen poeta eta akademiko estatubatuarra da, eta duela lau urte, 2018. urtean hain zuzen, poesiako Pulitzer saria irabazi zuen. Kaliforniako California State University Bakersfield unibertsitatean haren omenezko katedra sortu dute, eta han, euskal kultura, artea eta berrikuntza sustatzen dute.

Olatz Gorrotxategiren lana, horrenbestez, Estatu Batuetan zein Euskal Herrian programatu ahalko da. Bere lana, esan bezala, euskal diasporari buruzkoa izango da, eta zenbait agiri zein lekukotasun jasotzen dira, atzerrira joan behar izan zuten euskaldunen historia kontatzeko. Hori burutzeko, euskal diasporan lan egiten duten pertsonekin jarriko da harremanetan Gorrotxategi, hala nola, ikertzaile edo irakasleekin.

Olatz Gorrotxategi euskal aktore, gidoigile eta zuzendaria da. Performing Arts Practice-n lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan eta Zuzendaritzan diplomaduna da. Bere sorkuntza-lanak egiteaz gain, Euskal Herriko zein Estatuko beste konpainia batzuekin lankidetzan ere aritzen da, eta normalean antzerki garaikideak eta antzerkiaren arloko lengoaia berriak erabiltzen ditu.

Euskaraz egindako lanen artean daude, besteak beste, ‘Koordenatuak’, Donostia 2016 Fundazioaren sustapenari esker kaleratu zuena eta ‘Aldamio etxea izango da gurea’ (2018. urtean egindakoa).